Asier Guridi euskal iheslariak pasaporte bat emateko eskatu dio Espainiari, eta adierazi du ez duela gose greba utziko hura lortu arte. Hilabete darama protestan, Espainiak Caracasen duen kontsulatuaren aurrean. «Nortasun juridikoa da oinarrizko eskubideetarako sarbidea», esan dute haren ingurukoek, hedabideetara bidalitako mezu batean.
Egun, errefuxiatu estatusa du Guridik, Venezuelako Gobernuak emana. Halere, salatu du horrek ez diola legalki lan egiteko eta jabegorik izateko eskubiderik ematen. Are gehiago, bere semearen ordezkari gisa aritzeko aukerarik ere ez duela azaldu du, ezta ezkontzerik ere. Semea eta bikotekidea Euskal Herrian ditu, baina, gaitzetsi duenez, haiek ere «heriotza zibilera» eraman ditu egungo egoerak: «Ezin dut lanik egin. Nola egingo dut nire semea elikatzeko betebeharri erantzun eta harentzat bizitza duin bat bermatzeko?».
Martxoak 29tik Caracasen Espainiako Kontsulatu Orokorraren aurrean GOSE GREBAN 31 EGUN Estatu Espainiarrak nire NORTASUNA ukatu eta gainera horrela, oinarrizko hainbat giza eskubidetatik kanpo uzten nauela salatzeko. Nortasunik gabe ezin lanbide legalik izan adibidez #Nortasunapic.twitter.com/Sx0DaNenGB
— Asier Guridi Zaloña (@Borrokaz) April 29, 2022
Iheslariak martxoaren 29an hasi zuen protesta, eta, salatu duenez, lehen egunetik jasan ditu polizien mehatxuak, kartelak kendu eta kontsulatu aurretik joateko. Are gehiago, apirilaren 16an bi lagunek eraso egin ziotela azaldu du. Haren ingurukoek adierazi dutenez, greba kalean egiten ari da Guridi, horrek dakartzan arriskuekin.
Guridiren osasun egoera «okerrera egiten ari da progresiboki», iheslariaren ingurukoek azaldu dutenez. Esan dute zenbait aldiz konortea galtzeko arriskuan egon dela, eta goragalea gero eta ohikoagoa dela. Gurutze Gorriko langileen zenbait bisita jaso ditu, baina erakunde hura egiten ari zaion jarraipena «konpromiso gutxikoa» dela salatu dute: «Ez dute gernu eta odol analisirik egin, nahiz eta hainbat aldiz eskatu».
Azaldu dutenez, egun ikusten duten aukera egingarriena da Venezuelako Gobernuak Guridiri iragaitzazko zedula bat ematea. Horretarako eskaeretako bat da, ordea, gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna duen Espainiako pasaportea izatea. «Espainiako Estatuak Asier Guridirengan duen etsaitasunezko jarreraren aurrean, Venezuela Gobernua izan behar da egoera desblokeatu eta Asierrek baliozko nortasun juridiko bat lortzea erraztuko duena». Venezuelako Gobernuak egin zuen azken urratsa izan zen Guridiri errefuxiatu estatusa ematea, abenduan. Orduan ere gose greba betean zegoen euskal iheslaria.