Espainiako Kongresuak bilkura berezi bat egin du gaur arratsaldean, ohikoaren atzetik, sekretu ofizialen batzordea osatuko duten diputatuak hautatzeko. Talde parlamentario guztietako ordezkariek lortu dute beharrezko boto kopurua gainditzea —176 boto—; besteak beste, EH Bilduko, ERCko, JxCko eta CUPeko eledunek. Azken biak Talde Pluraleko eta Talde Mistoko ordezkari gisa sartuko dira.
Azken egunetan zeresana eman du ezkutuko funtsak eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuen ekintzak kontrolatzeko batzorde horretan ariko diren diputatuak aukeratzeko moduak. Izan ere, Pegasus softwarearekin eginiko espioitza kasuak direla eta, Kongresuko presidente Meritxell Batetek haiek hautatzeko modua aldatzearen alde egin du. Lehen, beharrezkoa zen Kongresuaren hiru bostenen babesa —210 boto—; orain, gehiengo osoarena.
Hala, talde independentistek batzordean sartzea lortu dute, besteak beste PPko, Voxeko eta Ciudadanoseko kideek kontra egin arren. Mertxe Aizpuruak (EH Bildu), Gabriel Rufianek (ERC) eta Miriam Nogerasek (JxC) 186 boto lortu dituzte, eta Albert Botranek (CUP), berriz, 185. Gainerako taldeetako ordezkariek 270 bototik gora eskuratu dituzte. Hauek dira: Aitor Esteban (EAJ), Hector Gomez (PSOE), Cuca Gamarra (PP), Ivan Espinosa de los Monteros (Vox), Pablo Echenique (Unidas Podemos) eta Edmundo Bal (Ciudadanos).
Ez da Esquerrak batzordean parte hartzen duen lehen aldia, baina badaki zer den hartatik kanpo uztea ere; PPren azken agintaldian, kasurako. EH Bilduk, JxCk eta CUPek, berriz, lehen aldia izango dute.
Batzordea Batetek berak zuzenduko du. Hala, haren esku dago lehen bilkurara deitzea; ziurrenik, espioitza kasuen inguruko esplikazioak emateko izango da, baina baita alderdiek eginiko beste eskakizun batzuk aztertzeko ere; besteak beste, Espainiako presidente Pedro Sanchezek Falcon hegazkinarekin eginiko bidaien ingurukoak eta PPren agintaldian eginiko entzuketak argitzeko.