Hezkuntza

PSNk, amore eman, eta PAI blindatzeko proposamena onartu du, D ereduaren estatus bera emanez

Ingelesez ikasteko programako irakasleak «egonkortzeko» sozialisten lege proposamena aurrera atera da, Navarra Sumari esker. Eskuineko koalizioak aukera baliatu du PAI programari D ereduaren estatus bera emateko.

Gaurko osoko bilkura. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko apirilaren 28a
12:26
Entzun

Zentroan dagoela erakutsi nahirik, PSN bakarrik geratu da erdigune horretan, Navarra Sumaren eskaerak onestera behartuta. Gaurko osoko bilkuran, PAI ingelesez ikasteko programako irakasleak «egonkortzeko» lege proposamena aurrera da, PSNren eta Navarra Sumaren botoei esker. Eskuineko koalizioak, zuzenketa bidez, behartu egin du PSN PAI hezkuntza eredu bihurtzeko prozedurari ekitera. Gainerako taldeek Hezkuntza Departamenduari galdetu diote hori nola egingo duen. Lege proposamenaren segurtasun juridikorik ezari buruz ohartarazi dute.

Bozketaren emaitzak dimentsio politiko argia du. Lan erreformaren bozketan azaleratutako UPNren eta PSOEren akordioaren ostean, egiaztatu zen eskuineko koalizioa eta sozialistak gerturatzen ari zirela. Geroztik, antzeko beste pauso batzuk eman dira. Adibidez, Hitzarmen Ekonomikoaren erreformarekin gertatutakoa.

Azkena, PAIren inguruko lege proposamena izan da. Beste babesik ez zuela ikusita, eskuineko koalizioak hordagoa jo, eta hiru zuzenketa aurkeztu ditu programaren garapena blindatzeko. Onartu ezean, Navarra Sumak ez zuen onartuko lege proposamena, eta PSNk azkenean, gaurko osoko bilkuran, baiezkoa eman du. Gertatutakoa akordio baten emaitzan izan edo ez, PSNren eta bazkideen artean tentsioa areagotzen ari da. Haiek aurka bozkatu dute, eta eskuinarekin bat egitea aurpegiratu diete sozialistei.

PSNrentzat «lorpena»

Azken astean, zalaparta handia piztu du lege proposamenak. PSNk nabarmendu du aurrera atera izana «lorpen bat» dela, PAI programako 350 irakasle inguru egonkortuko dituelako. Inma Jurio sozialistak argudiatu du ezen, azken urteetan funtzio publikoko behin-behinekotasuna murrizteko ahalegin handiak egin arren, hori ezin izan dela egin irakasleokin, estatuko lege batek galarazi egiten duelako ingelesaren ezagutza irizpide nagusi gisa jartzea lan deialdietan.

Jurioren arabera, estatuko araudi hori «oztopo bat» da, baina, aukera guztiak baliatu nahirik, 2021eko abenduan Madrilgo gobernuak irakasleen behin-behinekotasuna arintzeko onarturiko dekretua hartu dute oinarri lege proposamena aurkezteko. Nahiz eta dekretu horrek ingelesaren inguruan ezer ez aipatu, PSNk aukera ikusi du hori aplikatzeko Nafarroak funtzio publikoan dituen eskumenak PAIko irakasleei ere. Horregatik ez du ulertzen bere bazkideen ezezkoa: «Gure bazkideak estatuko araudiari lotu zaizkio, eta zentralista bihurtu dira, erkidego gisa ditugun autogobernu aukerei muzin eginda».

PSNko eledunaren arabera, Nafarroako familien %70ek nahi dute PAI, eta irakasleen baldintzak hobetu behar dira kalitatea hobetzeko. Presa dutela ere onartu du, ekainean amaituko baita lan deialdi publikoak aurkezteko epea.

Geroa Bairen erantzuna

Maria Solana Geroa Baiko parlamentari eta iragan legealdiko Hezkuntza kontseilari ohiak gogoratu du Hezkuntza Departamenduko zerbitzu juridikoek betidanik auzitan jarri dutela ingelesa derrigorrezko hizkuntza eskakizun gisa proposatzea, eta orain «sudurra estalita» egin behar izan dutela «urteetan ausarkeriatzat eta arduragabetzat» jo duten proposamena.

PSNk akordio programatikoan PAIri buruz dioena erabili du argudio gisa lege proposamena onartzeko, baina Solanak argi utzi dio ez dela horrela: «Zuek orain ulertzen duzuen bezala planteatu izan bazenute duela hiru urte, ez genuen sinatuko akordioa», ohartarazi dio, gobernuko bi bazkideen artean harremana gaiztotuta dagoen seinale. Esparzak aurreko egunetan aipatu zuen akordioa zutela sozialistekin, eta PSNk ukatu egin du. Ironiaz, Solanak aipatu du bere bazkidearen hitza ez duela zalantzan jarri nahi. «Orduan, Esparza jauna, zer ari zara, gezurretan?».

Solanak ez du ulertzen nolatan hartu duen PSNk prozedura berezi hori, behin-behinean diren PAIko irakasleen %10 ingururi soilik eragingo baitie legeak, eta hori egiteko beste bide batzuk bazituelako Hezkuntza Departamenduak; adibidez, lekualdatze lehiaketen bidez. Solanak gogor kritikatu du Carlos Gimeno kontseilaria, hiru urteotan ez delako gai izan PAIren inguruko araudi bakar bat aldatzeko edo dekretua aurkezteko. «Orain irabazle gisa aurkeztu nahi du, PAI hezkuntza eredu bihurtuta? Nola egin nahi duzu?». Gimenori kritikatu dio kontuan ez hartu izana hezkuntza sektoreko mahaian esertzen diren sindikatuen iritzia: «Porrot egin duzu erabat. Komunikazioa bi norabidekoa da, ez bakarrekoa. Politikaren lehen mailako irakaspena da hori, eta ez duzu ikasi».

Izan ere, lege proposamenari buruzko zalantza juridikoak handiak dira. Lehenik eta behin, ez duelako Espainiako Gobernuaren onespenik. Bigarrenik, sindikatuek eurek mehatxu egin dutelako auzitera joko dutela, eta Nafarroako Kontseiluaren (Nafarroako erakunde aholku-emaile nagusia) txostena kaleratu aurretik egin delako eztabaida.

EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «arduragabekeriaz» jokatu du gobernuak. Aurreko egunetan, Gimenok eta Javier Remirez presidenteorde lehenak ziurtatu dute erabateko segurtasun juridikoa dutela. Hala, Ruizek galdera egin die biei: «Nafarroako Kontseiluak bermerik ez duela esaten badu, dimisioa emango duzue?». Haren ustez, helburua ez da langileen baldintzak hobetzea, PAI blindatzea baizik.

Eskuinak aurkeztutako hiru zuzenketek dute, aldez edo moldez, PAI hezkuntza eredu bihurtzeko helburua. Puntuetako batean, koalizio eskuindarrak «konpromisoa» eskatu dio gobernuari, «behin PAI programako profesionalen egonkortzea gauzatuta, programa hori eredu linguistiko bihurtzeko prozesua has dadin». Halaber, Navarra Sumak eredutzat hartu duena ez da edozein eredu linguistiko: euskarazko murgiltzeak dituen ezaugarriak nahi ditu PAIrentzat, baina zonifikazioak eragindako trabarik gabe.

Pedro Gonzalen arabera, alderdi abertzaleen helburua PAI «hondoratzea» da, eta urteak daramatzate hezkuntza programa horren aurka. «Etorkizuneko eredu bat da, ez baitugu zalantzarik eredu bat izango dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.