Enpresak

Tubacexek ia bikoiztu egin ditu salmentak, inbertsio berriei esker

Arabako hodigileak 3,4 milioi euro irabazi ditu 2022. urteko lehen hiruhilekoan

Tubacexen egoitza nagusia, Laudion, greba amaitu zen egunean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 28a
10:56
Entzun

Garai txarrak atzean uzten ari da Tubacex. Arabako hodigileak 158,1 milioi euroren salmentak egin ditu urtarriletik martxora, iaz epe horretan baino %82,7 gehiago. Tarte horretan 3,4 milioi euro irabazi ditu, eta gehiago izango ziren baldin eta inflazio handiak eta hornikuntza arazoek mozkinak txikitu izan ez balituzte. Iaz 32 milioi euro galdu zituen, baina baikor amaitu zuen urtea, 2022a urte ona izango zela uste zuelako.

CNMVra igorritako agirian, Tubacexek nabarmendu du bigarren hiruhilekoan jarraian emaitza positiboa lortzen duela. «Suspertzea baieztatu egin da, munduko ekonomia oso egoera nahasian eta desegonkorrean egon arren», azaldu du.

Baina nazioarteko egoera bera da Tubacex suspertzearen arrazoi nagusia. Izan ere, azken hilabeteetan inbertsioak handitu egin dira energiaren sektorean, baita hidrokarburoetan ere, eta hori da Arabako multinazionalaren merkatua. Urteko lehen hiruhilekoa 500 milioi euroren eskari zorroarekin bukatu du, azken lau urteotako handiena. Enpresak espero du luze gabe poltsa hori loditzeko gai izango dela, proiektu gehiagok aurrera egin ahala.

Batez ere gasaren sektorean izan da suspertzea, baina nuklearren ekarpena ere handia izan dela nabarmendu du Tubacexek. Azaldu duenez, bere salmenten %42 industria orokorrari egin dizkio; %18, gasaren sektoreari, eta %15, petrolio sektoreari.

Lehen aldiz, autogintzan ere bai

Mundu osoan saltzen du Tubacexek, baina azpimarratu du azken hilabeteetan petrolio industriarako salmentak egin dituela Afrika mendebaldean, Australian, Asia hego-ekialdean eta Mexikon. Gainera, Brasilerako eta Guyanarako eskari handiak egin dizkiote Petrobrasek eta Exxonek. Urtea amaitu bitartean Norvegian kontratu handiak lortzeko itxaropena du, besteak beste, TSS Norway enpresa erosi duelako han.

Energia sektoretik kanpo ere lekua bilatzen ari da Tubacex. Jakinarazi duenez, aeronautika enpresa garrantzitsu batekin ari da proiektu garrantzitsu batean, eta autogintzarako lehen eskari esanguratsuak eskuratu ditu.

Iaz, zortzi hilabeteko greba bati egin behar izan zion aurre Tubacexek Laudioko eta Amurrioko lantegietan. Enpresak 150 langile kaleratzeko asmoa azaldu ondoren, langileek greba mugagabea hasi zuten otsailaren 11n, eta urriaren hasiera arte eutsi zioten. Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailaren bitartekaritzarekin, akordioa lortu zuten sindikatu batzuek, eta, kostata izan bazen ere, aurrera egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.