Ohi bezala, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak agindutakoa berretsi baino ez du egin Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak: Iñigo Gutierrez euskal presoa bigarren graduan mantenduko dute, auzitegiak ebatzi baitu ez dagoela nahikoa datu erakusten duenik euskal presoa erdi askatasuneko erregimen batean egoteko «gaitua» dagoela.
Gutierrezek uztailean beteko du espetxe zigor osoa, eta hiru urteko Izadi umearen aita da. Haurrak hiru urte bete zituenean ezarri zuten hirugarren graduan, joan den urtarrilean, baina berehala Zaballako kartzelara (Araba) itzularazi zuten, argudiatuta euskal presoak ez ziela ETAren biktimei barkamen eskatu espresuki. Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak egoki ikusi du erabaki hori, kontuan hartuta euskal presoak ez zuela aurrez baimen arruntik eduki: hori «bereziki beharrezkotzat» jo du delitu «terroristak» dituzten presoei dagokienean.