Azken urteetan baino dibidendu handiagoa banatuko du aurten Kutxabankek bere hiru akziodunen artean. Batetik, Europako Banku Zentralak kendu egin dituelako 2020an bankuen dibidenduei jarritako muga zorrotzak. Bestetik, bankuak berak diru gehiago irabazi zuelako iaz, 216,5 milioi euro, hain zuzen ere.
Kutxabankeko Akziodunen Batzar Nagusiak gaur goizean egin du ohiko bilkura, eta horretan erabaki dute 2021ean lortutako irabazi garbiaren %60 banatzea banku fundazioei, guztira 129,9 milioi euro. EBZk baimentzen duen ehunekorik handiena da, «kaudimenean eta kapitalean duen egoera sendoari esker».
BBKri 74 milioi dagozkio (akzioen %57 ditu); Kutxari, 41 milioi (%32); eta Vital Kutxari, berriz, hamalau milioi (%11).
Diru horri gehitu behar zaio otsailean Kutxabankek bere hiru akziodunei banatutako beste 42 milioi euroko ezohiko dibidendua. 2019ko emaitzetatik atera zen diru hori, eta bere garaian ezin izan zuten banatu, EBZk irabaziak banatzeko mugak jarri zituelako, nahi zuelako finantza erakundeek dirua erabiltzea maileguen fluxuari eutsi ahal izateko.
Sail batekin zein bestearekin, Kutxabanketik 171 milioi euro jasoko dituzte aurten BBK-k, Kutxak eta Vitalek, gizarte ekintza gastuetarako. Horrez gain, fundazio bakoitzak bere diru sarrerak dituzte. Bankuak nabarmendu duenez, duela hamar urte Kutxabank sortu zenetik 1.090 milioi euroren irabaziak banatu dizkie bere akziodunei.