I. Konferentzia Munizipalista

EH Bilduko ehunka zinegotzi eta alkatek udalen lehen konferentzia egingo dute maiatzean

Iruñean izango da, maiatzaren 27an eta 28an. Konferentzia «inflexio puntu» izatea nahi dute EH Bilduk herrietan egiten duen lanean, eta «aurrerapausoa libre eta berdinen euskal errepublikaren eraikuntzan».

Ezkerretik eskuinera: Nagore Alkorta, Onintze Oleaga eta Idoia Buruaga. EH BILDU
unai etxenausia
2022ko apirilaren 27a
14:05
Entzun

EH Bilduk maiatzaren 27an eta 28an Iruñean egingo duen udalen lehen konferentzia aurkeztu du, I. Konferentzia Munizipalista izenburupean. Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintzako arduradunak, Nagore Alkorta Azpeitiko (Gipuzkoa) alkateak eta Idoia Buruaga Elorrioko (Bizkaia) alkateak aurkeztu dute. Azpimarratu dutenez, konferentzia «inflexio puntu» izatea nahi dute EH Bilduk herrietan egiten duen lanean, eta «aurrerapausoa euskal errepublika libre eta berdinen eraikuntzan». Bertan «ehunka alkate eta zinegotzi» elkartuko direla aurreratu du Oleagak. Besteak beste, pandemiaren ondoren harremanak saretzeko batuko dira, egindako lan politikoa, garatutako proiektuak eta bizi izandako esperientziak trukatzeko, eta, finean, elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin «Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko».

«EH Bilduko alkateek erakutsi dute, garairik zailenetan ere, bestelako gobernantza eredu bat posible ez ezik ezinbestekoa ere badela», Buruagak esan duenez. Nabarmendu du herrietatik Euskal Herri hobe baten aldeko apustua berretsi dutela, eta beste gobernantza eredu bat garatzea posible dela: «Hurbila, entzuten eta aditzen duena, zaintzen duena, herritarrei eta udalerriari berari hazten laguntzen diena, lehen mailako zerbitzu publikoak zaintzen eta sustatzen dituena, eta berdintasun ekonomiko eta soziala bultzatzen duten politika publikoak garatzen dituena».

Era berean, Elorrioko alkateari garrantzitsua iruditzen zaio alkate eta zinegotzien indarrak metatzea, urteetan pilatutako inteligentzia kolektiboa elkartzea eta jakintza horiek zabaltzea. «Guztion indarrak oraindik handiagoa eta aberatsagoa egingo baitu EH Bilduren proiektu politikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.