Iberiar penintsulako argindar merkatu bateratuak aurki izango du prezioak jaisteko tresna bat. Teresa Riberak eta Duarte Cordeirok, hurrenez hurren Espainiako eta Portugalgo gobernuetan energiaz aritzen diren ministroek, akordio bat lortu dute Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehiarako komisarioarekin, gasari jarri beharreko gehienezko prezioaren inguruan.
Argindar sorkuntzarako gas megawatt-orduari 30 euroren prezioa jartzea proposatu zuten Madrilek eta Lisboak, baina kopuru hori txikiegia zela argudiatu du Bruselak, eta barne lehiari kalte egingo diola. Zabaldu dutenez, 40 eurokoa izango da hasieran muga, baina progresiboki handitu beharko dute hurrengo hilabeteetan, eta indarrean izango den urtean batez besteko gehienezko prezioak 50 eurokoa izan beharko du. Gaur, 90 eta 95 euro artean salerosten ari da gas megawatt-ordua Herbehereetako erreferentziazko merkatuan.
Kalkulatu dutenez, argindarraren batez besteko prezioa 60 eta 70 euro artean merkatu dezake neurri horrek. Apirileko batezbestekoa 190 eurotik behera dago —220 euro gaur—, eta 120 eta 140 euro artean gera daiteke gehienezko prezioa.
Uharte energetikoa
Martxoaren amaierako goi bileran lortu zuten Madrilek eta Lisboak argindarraren prezioa jaisteko promesa. Salbuespen iberiarra deitu zaio aukera hori, Espainiako eta Portugalgo argindar merkatu bateratuak dituen ezaugarriak bereziak direlako EBren barruan: energia berriztagarriek pisu handia dute argindarraren sorkuntzan, eta, batez ere, oso konexio eskasak dituzte EBko gainontzeko merkatuekin. Uharte energetiko bat direla, hein batean.
Argindarra merkatzeko bidea da gasaren gehienezko prezio bat ematea eta, ondorioz, hark eragindako garestitzea ez zabaltzea argindarra lortzeko beste iturrietara. Izan ere, EBren sistema marjinalistaren ondorioz, beharrak asetzeko erabiltzen den azken iturriaren prezioak ordaintzen zaizkie beste iturriei ere. Horrek dakar zentral eolikoek, hidraulikoek, fotovoltaikoek eta nuklearrek gasa erretzen duten zentralen prezio bera jasotzen dutela, haien kostua askoz apalagoa izan arren. Aurreko astean ordu batzuetan argindarraren prezioa ia zero izan zenIberiar penintsulako merkatuan, eolikoak eta fotovoltaikoak estali zuelako kontsumoaren zatirik handiena.
Espainiako eta Portugalgo gobernuek proposatu zuten gehienez 30 euroko prezioa jartzea argindarra sortzeko erabiltzen den gasari. Prezio hori hartuko litzateke erreferentzia gisa argindarraren prezioa kalkulatzeko, baina ondoren ziklo konbinatuko zentralek konpentsazio bat jasoko lukete haien kostua estaltzeko.
«Lan tekniko zail eta sakon baten ondoren, Europako Batzordearekin akordio politikoa lortu dugu», esan du Duarte Cordeiro Portugalgo Klima Ekintzarako ministroak. «Hurrengo hilabeteotan gasaren garestitzeaz babestuko gaituen akordio on bat da», gaineratu du Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroak. Xehetasun tekniko batzuk geratzen dira zehazteko, baina espero du hurrengo astean onartu ahal izango duela ministroen kontseiluak eta «berehala» indarrean jarri ahal izango dutela.