Espioitza afera

Bolañosek iragarritako neurriek ez dituzte asebete zelatatuak

Espainiako Gobernuak esan du ikerketa bat irekiko duela; EH Bilduk, berriz, «ondorio azkarrak» eskatu ditu.

Vilagra eta Bolañosen arteko bilera, atzo. TONI ALBIR / EFE
gotzon hermosilla
2022ko apirilaren 25a
12:14
Entzun

Ordezkari independentisten aurkako espioitza aferak sortu duen haserrea baretu nahian, Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolañosek bilera bat egin zuen atzo Kataluniako Generalitateko kontseilari Laura Vilagrarekin, eta, bileraren ostean, zenbait neurri iragarri zituen gertatutakoa argitzeko. Baina ez du ematen horrek zelatatuen haserrea apaldu duenik: Generalitateak adierazi du iragarritako neurriak ez dituela askitzat jotzen, eta EH Bilduk «ondorio azkar eta eraginkorrak» eskatu ditu.

Zehazki, lau neurri iragarri ditu Bolañosek: barne ikerketa bat abiaraztea CNI Espainiako zerbitzu sekretuetan, Espainiako Kongresuan Sekretuen Batzordea eratzea, Espainiako arartekoari bidea erraztea berak ere gertatutakoa iker dezan, eta ikerketarako beharrezkoak diren dokumentuak desklasifikatzea.

EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk, Herri Irratiari emandako elkarrizketa batean, esan du neurri horiekin «geroko» uzten dela auzia, «etorkizunean egin daitezkeen balizko batzorde eta ikerketen pentzudan». EH Bilduk, berriz, «ondorio azkar eta eraginkorrak» eskatu ditu.

Argitaratutako informazioen arabera, Iñarritu bera izan da zelatatuetako bat. Esan duenez, «haserre» paratu zen jakin zuenean bere telefonoa kontrolatuta zegoela, «are gehiago kontuan hartuta horren atzean estatu bat egon daitekeela». Haren ustez, hau da Espainian espioitzarekin lotuta azken hamarkadetan egon den eskandalurik handiena, eta erantsi du PSOE oraindik ez dela horretaz jabetu: «Egoera oso larria da, eta PSOEk beharrezkoak diren erabakiak hartu behar ditu. Egoera honen arduradunak atoan kargugabetu behar dituzte, gertatutakoa azkar argitu geroko batzordetara bideratu beharrean, eta neurriak hartu beharko lituzkete, tresna hauek aurkari politikoen kontra erabil ez daitezen».

Iñarrituren ustez, entzuketak epaile baten baimenarekin egin izan balira horrek ez lioke gertatutakoari garrantzirik kenduko: «Alderdi politikoak, abokatuak, pertsona forudunak eta beste zelatatu dituzte, eta hain espioitza masiboa izanda, aitzakia horrek ez luke balioko. Kasu horretan, arreta baimena eman duen epailearengan jarri beharko litzateke».

Estebanek, zalantzarik ez

Beste elkarrizketa batean, EAJren diputatu Aitor Estebanek esan du ez duela inolako zalantzarik espioitza kasuen inguruan, eta berak ere susmoa duela inoiz zelatatua izan ote den: «Nire elkarrizketetako batzuk gero zenbait hedabidetan agertzen ziren oso egoera berezietan, adibidez, Rajoyren kontrako zentsura mozioaren garaian. Ziur nago oso abagune berezietan norbaitek erabaki duela jendea zelatatzea».

Estebani «sinesgaitza» begitantzen zaio entzuketak epaile baten baimenaz egin izana: «Auzitegi Goreneko epaile batek eman beharko zukeen baimena, baina entzuketak indibidualizatuak izan behar dira, eta gehienez hiru hilabetez egitekoak. Zail egiten zait pentsatzea entzuketak baimen horrekin egin direla».

Diputatu jeltzalearen aburuz, «onartezina» da espioitza hori, eta «gizarte osoak» kezkaturik egon beharko luke aferaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.