Ukraina hegoalde osoa okupatu nahi du Errusiak, komandante baten arabera

Errusiako armadako buruzagi batek iradoki du Ukrainako hego-ekialde guztia kontrolpean hartu nahi duela Kremlinek, Transnistriaraino, eta gerran hartutako lur eremuetan okupazioa egonkortu nahi duela.

mikel p ansa
2022ko apirilaren 22a
15:22
Entzun

Rustam Minnekaiev komandanteak ziurtatu du Krimea eta Errusia arteko lurreko lotura egin nahi duela Kremlinek, eta gerran okupatutako lurraldeetan egonkortzeko asmoa duela. Oraintxe, Krimea osoa, Luhansk eta Kherson probintzietako zatirik handienak, eta Donetsk eta Zaporizhia probintzien erdia edo gehiago kontrolpean ditu Errusiak. Minnekaievek adierazi du, baina, Ukraina hegoaldea kontrolatzeak ekarriko liokeela Transnistriarekin lotzeko aukera.

Horrek esan nahiko luke Mikolaiv eta Odesa probintziak ere bereganatu nahiko lituzkeela; oraingoz soldadu errusiarrek ez dute lortu probintzia horietan sartzea. 1991n Moldaviatik independente deklaratutako lurralde zerrenda bat da Transnistria; Moskuren babesa izan du urteotan, baina erabat bakartuta eta inguratuta egon da. Transnistrian ere badira soldadu errusiarrak.

Errusia Berriaren hipotesia

Minnekaievek Defentsa Industriako Enpresen Batasunaren foro batean hitz egin du ostiral honetan, Sverdlovsk, eta bertan egin ditu adierazpenok. Itxuraz, adierazpenok ez datoz bat Vladimir Putin presidenteak azken asteetan esandakoekin, ziurtatu izan baitu Errusiak ez zuela gerran irabazitako lurrak etengabe okupatzeko asmorik. Baina 2014an Putinek berak marraztutako estrategiarekin bat etorriko litzateke Ukraina hegoalde osoa kontrolatzeko asmoa. Garai hartan Putinek iradoki zuen Kremlinek intentzioa izan zezakeela Errusia Berria eskualdea hartzeko.

Azkeneko hilabeteetan Errusiak egindako mugimendu militarrekin bat etor liteke ideia hori, gainera. Martxoaren 25ean jakinarazi zuten Kiev ingurua utzi eta Donbass eskualdea okupatzean jarriko zutela indarra. Apirilaren 19an, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak iragarri zuen «gerraren fase berria» aste honetan hasi dela.

Minnekaievek zalantza izpirik gabe adierazi du behintzat, eta era horretako adierazpen argiak egin dituen goi mailako lehen militar errusiarra da, gainera: «Operazio [militar] bereziaren bigarren fasea hasi denetik, Errusiako armadaren zereginetako bat da Donbass eta Ukraina hegoaldean kontrol erabatekoa ezartzea. Horrek lurreko korridore bat eskainiko du Krimearaino, eta Ukrainako ekonomiaren osagai ezinbestekoei eragingo die: Itsaso Beltzeko portuen bidez eramaten zaizkie laborantzako eta altzairugintzako produktuak beste herrialdeei».

Kremlinen baieztapenik ez

Komandanteak iradoki du Transnistria ez daukala ahaztuta Kremlinek: «Ukraina hegoaldea kontrolatzeak Transnistriarako beste sarbide bat emango luke, non ikusi baitira errusiar hiztunen kontrako errepresio ekintzak». Moldaviak, hain justu, gaur aurkeztu du Europako Batasuneko kide bihurtzeko lehen galdetegiaren tramitea.

Kremlinek berak ez du adierazpenik egin komandantearen hitz horiei buruz. Ez ditu baieztatu, ezta ukatu ere. Errusiako lau barruti militarretako baten burua da Mikolaiev, baina ez da argi gelditu foroan egindako adierazpen horiek balorazio pertsonalak diren edo Putinen planak argitaratu ote dituen.

Gerraren lehen fasean, Kiev setiatzen saiatu zen Kremlin, baina batez ere hegoaldeko fronteetan lortu ditu garaipenak. Kherson hiria —300.000 biztanle gerra aurretik— kontrolpean du ia gerra hasieratik, eta aste honetan kontrolatutzat jo du Mariupol —500.000 biztanle gerra aurretik—. Praktikan, Krimea eta Errusia lotu ditu. Orain, ikusteko dago Mikolaiv eta Odesa aldera erasoan jarraituko ote duen edo ez. Eta Kharkiv ekialdetik heldu diren soldadu errusiarrek Luhanskekoekin bat egingo ote duten, Donetsken kontrolpean ez dituzten lurretan sartzeko.

Moskuk ez, baina Kievek erreakzionatu du adierazpen horien aurrean. Ukrainako Defentsa Ministerioak adierazi du Errusiak utzi diola bere egiazko asmoak ezkutatzeari: «Errusiar lapur, bortxatzaile eta hiltzaileek onartu dute gerraren bigarren faseko helburua ez dela nazi mitikoei irabaztea, baizik eta Ukrainaren ekialdea eta hegoaldea okupatzea. Hori da inperialismoa».

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, hain justu, bideo bat zabaldu du gaur, Kherson eta Zaporizhia eskualdeetako herritarrei mintzo. Esan die ez emateko informaziorik eremu horiek okupatzen ari diren agintari errusiarrei, eta ez parte hartzeko inongo erreferendumetan. Azkeneko asteetan, hain justu, zabaltzen ari da Kremlinek erreferendumak egin nahi ote dituen bi probintzia horietan, Luhansk eta Donetskeko estiloko herri errepublikak aldarrikatzeko.

Gerra krimenak eta sexu erasoak

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoak adierazi du gero eta ebidentzia gehiago dituela Ukrainan gerra krimenak gertatzen ari direla. Butxa hirian gutxienez 50 pertsona epaiketarik egin gabe hil zituzten indar errusiarrek; besteak beste, exekuzio sumario bat ere egin zuten.

Errusiako soldaduek egindako sexu-bortizkeria kasuak ere pilatzen ari zaizkio NBEri mahaiaren gainean. Ez dira emakumeen eta neska gazteen salaketak soilik: badira bortxaketak salatzen ari diren gizonak eta mutikoak ere.

Michelle Bachelet giza eskubideen komisarioak erantsi du Butxakoa ez dela kasu bakana izan. Kiev, Txernihiv, Kharkiv eta Sumi hirietatik gutxienez legez kanpoko 300 hilketaren salaketak iritsi zaizkio NBEri.

Borrokan ari diren guztiei zuzendu zaie Bachelet, giza eskubideak errespeta ditzaten: «Horrek esan nahi du bereizi behar direla helburu militarrak eta zibilak. Esan nahi du zibilak ez hiltzea nahita. Esan nahi du ez erabiltzea sexu bortizkeria. Jendea ez da torturatu behar, ezta gerrako presoak ere».

Azovstalgo setioa

Errusia prest dago Azovstalgo altzairutegian (Mariupol, Ukraina hego-ekialdea) gotortuta daudenei irteten uzteko, Defentsa ministroak gaur adierazi duenez. Bi mila soldadu ukrainar eta mila bat zibil daude han babestuta. Errusiar soldaduek inguratuta daude. Atzo Putinek agindu zuen erasorik ez jotzeko altzairutegiari, baina goitik behera setiatzeko ere esan zuen.

Gaur, Defentsa ministroak adierazi du bandera zuri bat erakustea aski izango dutela setiatuek, irten nahi badute. Zibilak segurtasunez ebakuatuko dituztela adierazi du, eta erantsi du errenditzen diren soldadu ukrainarrak ez dituztela hilko.

Mariupolgo alkateak, berriz, «egun beteko su-eten argi bat» eskatu die indar errusiarrei. Jakinarazi du plan bat duela altzairutegikoak ateratzeko, baina errusiarrak planta bonbardatzen ari direla

Zelenski eta Putin elkartzeko ahaleginak

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak jakinarazi du Zelenskirekin eta Putinekin hitz egingo duela telefonoz datozen egunetan, eta saiatuko dela bi agintariak aurrez aurre elkar daitezen. Azkeneko negoziazio bilerak Turkian egin dituzte bi aldeek, baina bi gobernuburuak ez dira inoiz elkartu; Atzerri ministroak behin elkartu ziren.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak Putinekin hitz egin du gaur goizean telefonoz, eta eskatu dio zuzenean elkartzeko Zelenskirekin. Errusiako presidenteak erantzun dio Zelenskirekin aurrez aurre hitz egiteko baldintza dela negoziazioek emaitza konkretuak izatea. Erantsi du Ukrainarrek ez dutela koherentziarik elkarrizketetan, eta Micheli eskatu dio Kievi presio egiteko negoziatzera esertzeko, Ukrainak Donbasseko eskualdeak egunero bonbardatzen dituelako. Michelek, berriz, su eten bat emateko eskatu dio Putini, zibilak herri setiatuetatik irten daitezen.

Negoziazioei buruzko kontraesanezko mezuak eman ditu Errusiak. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, ordea, adierazi du negoziazioak etenda daudela, badirela bost egun Moskuk proposamen bat egin ziola Kievi, eta ez dutela erantzunik jaso. Vladimir Medinski Errusiako negoziazio buruak, ordea, baieztatu du hizketaldi luze bat izan dutela bi aldeek gaur, baina ez du xehetasun gehiago eman.

Japonia eta uharte okupatuak

Gatazka ekialdera ere mugitu da gaur: Japoniako Gobernuak urteko txosten diplomatikoa kaleratu du, eta salatu du Errusiak «legez kontra» okupatzen dituela lau uharte, Tokiok beretzat dauzkanak. Baziren hogei urte Japoniak ez zuela termino hori erabiltzen uharteei buruz, baina orain esan du Ukrainako krisiak okertu egin duela egoera, eta uharte horiei buruzko negoziazioa zaildu duela Errusiarekin.

1945ean okupatu zituen uharte horiek Sobietar Batasunak, Bigarren Mundu Gerran. Kuril uharteak izendatzen dituzte; japoniarrek, berriz, Iparraldeko Lurraldeak deitzen diete. Gerraz geroztik uharte horien jabetzaz hizketan aritu izan dira bi aldeak, inoiz akordiorik egin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.