Euskal presoak

‘Desapiyua’ egingo dute Antiguako, Añorgako eta Igeldoko herritarrek, euskal presoak etxeratzearen alde

Etxera bidea gertu lelopean, egitarau zabala antolatu dute Antiguako, Añorgako eta Igeldoko Sareko kideek. Manifestazioa egingo dute 13:30ean, eta arratsaldean, berriz, Desapiyua egingo dute, 17:30ean.

jarraia212454.jpg
Nagore Arin.
2022ko apirilaren 22a
13:13
Entzun

«Eta hi prest al hago?». Galdera zirikatzaile horrekin eta sareetan plazaratutako bideo bitxi bezain jostalari batekin zabaldu dute Desapiyua ta Pesta ekitaldirako gonbidapena Donostiako Antigua, Añorga eta Igeldo auzoetako Sare herri mugimenduko kideek. Bihar izango da, eta, antolatzaileen hitzetan, «aldarrikapenerako» baliatuko dute. Aldarri horiek, baina, ekintza askotarikoen bitartez zabalduko dituzte, eta horietako bat Antigua, Añorga eta Igeldo auzoen arteko desafioa izango da.

Partaideak lehiarako prest daude dagoeneko. Hori nabarmendu dute, behintzat, ekitaldiaren harira sareetan plazaratutako bideoan: «Desapiyorako, Igeldo, prest! Añorga, prest! Antigua, prest!». Tonu jostalarian zabaldu dute antolatutako ekintzetara joateko gonbidapena: artzain andre edo txandala jantzita, desafiorako entrenatzen, elkar animatzen eta gainerako lehiakideak zirikatzen. Arratsaldean izango da, 17:30ean.

Pesta, baina, goizean hasiko da, 12:00etan. Gero, 13:30ean, manifestazio bat egingo dute Etxera bidea gertu lelopean, Añorgako plazatik abiatuta. Ondoren, herri bazkaria egingo dute 14:30ean, eta arratsaldean desafioaren txanda izango da. Hori amaitzean, jaiak eta aldarriek ez dute etenik izango. Eguna amaitzeko, kontzertuak ere izango dituzte, 21:00etan hasita. Indabe, Pelax eta Rukula taldeek joko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.