«Bada urtebete pasatxo akats bat egin eta aitortu nuenetik. Une hartan, ez nintzen jabetzen kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzea, akats bat ez ezik, laguntza eskatzeko oihu bat ere bazela». Horrela hasten da Miren Larrionek Facebooken duen kontuan ostegunean idatzi duen mezua.
Behar zuen arreta jaso duela azaldu du Larrionek, eta Osakidetzako profesionalek diagnostikoa egin eta tratamendua eman diotela.
EH Bilduko Gasteizko Udaleko eleduna zen Larrion, baina 2021eko otsailaren 21ean dimisioa aurkeztu zuen, banku batean alderdikide baten izenean kontu bat ireki zuela zabaldu zutenean.
Auzibidea ireki zioten, baina, azaldu duenez, akordioa itxi du fiskaltzarekin. Diagnostikoa erabakigarria izan da horretan. Esan duenez, tratamenduan dago oraindik, eta laster komunitatearentzako lanak egiten hastekoa da.
«Gaizki nengoela banekien, ez dut ukatuko, baina ez nintzen jabetzen zenbateraino nengoen horrela». Besteak beste, lo egiteko arazoak zituela aipatu du. «Ni behintzat hautsi egin nintzen. Nigandik, nintzen pertsona horrengandik, urruntzen joan nintzen, poliki-poliki».
Buruko arazoetatik itzultzeko bidaia ez dela amaitu adierazi du.
Ingeniaritza Industrialeko eta Ingurumen Ingeniaritzako doktorea da Larrion, eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasten du. 2015ean EH Bilduren zerrendaburua izan zen Gasteizko Udalerako hauteskundeetan, eta botoen %19,6 eta sei eserleku lortu zituen. Emaitza bera lortu zuen 2020ko hauteskundeetan ere, boto are gehiago lortuta. 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan Arabako zerrendaburua izan zen.
Alderdiak dimisioa onartu zion, «bere eremu pertsonalari» lotutako gertakariek «ezkerreko subiranismoaren kargu publikoek eta organikoek sinatzen duten kode etikoa urratuko» luketela argudiatuta.