Frantziako bozak

Eskuin muturraren aurkako mobilizazioa egin dute Baionan

'Eskuin muturrari ez; justiziaren eta berdintasunaren alde' lelopean bildu dira 18:00etan, herriko etxean.

Baionako herriko etxe aurrean bildu da jendea, eskuin muturraren aurka. EKHI ERREMUNDEGI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko apirilaren 21a
17:51
Entzun

Hainbat erakundek, sindikatuk eta elkartek deituta, eskuin muturraren aurkako mobilizazioa egin dute, Baionan, herriko etxearen aurrean.

Igandean egingo dituzte Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta Emmanuel Macron liberaralen eta eskuin muturreko Marine Le Penen artean aukeratu beharko dute herritarrek. Haatik, manifestazioaren deitzaileek uko egiten diote eskuin muturra «boterera nola heltzen den ikusteari».

Samathan Hourquescos CGTko arduradunak eman du gaurko aldarrikapena: «Gure mezua argia da: bozka bakar bat ere ez da izan behar Marine Le Penen alde». Abstenitzea eta xuri bozkatzea ere ez ditu baztertu.

Jakes Bortairu EH Baiko kidearen iritziz, apirilaren 25etik aitzina borrokan segitu beharko da.

Deialdia sinatu dute Attac Transakzio finantzarioak zergapetzeko eta hiritarren ekintzarako elkarteak, FSU eta CGT sindikatuek, FCPE guraso elkarteen federazioak, LDH Giza Eskubideen Ligak, eta beste hainbat taldek. Eskuin muturrari ez; justiziaren eta berdintasunaren alde leloa hautatu dute martxaren aurrean eramateko.

Mobilizazioan parte hartu dute Baionako zenbait hautetsi ere. Alain Duzert (PCF), Mixel Esteban, Henri Etxeto (PS). Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria ere han izan da.

Macronen «politika ultraliberalak» salatu dituzte, edonola ere, «injustizia eta desberdinkeria areagotu dituztelako». Baina Le Penen aurka altxatzeko beharra ikusi dutela adierazi dute.

Hitzartze labur baten ondotik bukatutzat eman dute protesta. Mikroetatik aparte, maiatzaren 1a jarri du helburu CGTko arduradunak. «Bietako edozeinek irabazita ere indar erakustaldia egin beharko dugu».

Atzo hauteskunde eztabaida egin zuten bi hautagaiek, aurrez aurre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.