Gerra Ukrainan

3.000 ukrainar baino gehiago etorri dira Euskal Herrira gerra hasi zenetik

Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen mahaiak bilera egin du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan.

Martxo hasieran, Getxora karabana batean iritsi ziren ukrainarrak talde bat. MARISOL RAMIREZ, FOKU
jon olano
2022ko apirilaren 21a
11:42
Entzun

Otsailean Ukrainako gerra hasi zenetik, erbesteratu diren 3.000 ukrainar baino gehiago etorri dira Euskal Herrira asteotan. Herenegun, Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek jakinarazi zuen 1.200 bat ukrainar etorri direla Nafarroara, eta, gaur, Jaurlaritzak azaldu du 2.000tik gora direla Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara heldu direnak.

Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen mahaiak bilera egin du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan. Eusko Jaurlaritzaren izenean, hauek izan dira bertan: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradunak; Segurtasun Sailekoak; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailekoak; eta Trantsizio Sozialaren eta 2030erako Agendaren Idazkaritza Nagusiko arduradunak. Era berean, Espainiako Gobernuaren ordezkariek eta Zehar Errefuxiatuak, CEAR, Gurutze Gorria, ACCEM, Ellacuria fundazioa eta Caritas erakundeetako ordezkariek ere parte hartu dute.

Ikusi gehiago:«Oso emakume kementsuak dira hauek»

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu duenez, nazioarteko babesa eskatu dutenak 1.800 dira, eta osasun txartela eskatu dutenak, 1.500 bat. 422 ume eskolatu dituzte: «Nahikoa egoera egonkorra daukagu». Aurreikuspenei dagokienez, Jaurlaritzak ez du espero errefuxiatu olderik iritsiko denik, baina Amilibiak gaineratu du hala gertatuko balitz ere Jaurlaritza prest dagoela horri aurre egiteko.

Jaurlaritzak martxan jarri zuen harrera plan bat; hura apirilarekin amaituko da, eta datorren astean erabakiko dute plan hori berritzen duten edo orain artekoa luzatzen duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.