Espioitza

Batzorde bat eratzeko eskatu dute independentisten aurkako espioitza kasuak ikertzeko

EAJk, EH Bilduk eta beste zortzi alderdik egin dute eskaera, Espainiako Gobernuaren ustezko parte hartzea argitzeko

Arnaldo Otegi da espiatu duten politikarietako bat. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 20a
17:41
Entzun

Politikari eta eragile independentisten aurkako espioitza argitzeko ikerketa batzorde bat eratzeko eskatu dute EAJk, EH Bilduk, Unidas Podemosek, ERCk, JxCk, PDeCATek, CUPek, Mas Paisek, BNGk eta Compromisek Espainiako Kongresuan. Norbanakoen intimitatearen aurkako erasotzat jo dute kasua, eta gehitu «orientazio politikoko espioitza sistematiko eta orokortu bat» izan daitekeelako zantzuak daudela. Hala, Espainiako Gobernua jo dute ustezko erantzuletzat.

«Pegasus eta Candiru malwareen bidez lider politiko, aktibista, abokatu, kazetari, instituzio eta haien senide eta gertukoen gaineko espioitza eta haien pribatutasunean sartu izana» ikertzeko litzateke batzordea, eskaeraren arabera. Hala, alderdiek helburutzat jo dituzte, besteak beste, «estatuko instituzioen inplikazioaren gaineko xehetasunak» ezagutzea, eta Defentsa, Barne eta Justizia ministerioetako azpiegitura teknikoen «erabilera txar posibleak» eta erakunde horiek espioitza kasuekin izan ditzaketen loturak ikertzea. Izan ere, Moncloaren parte hartze posiblean jarri dute arreta, malware horien salmenta inteligentzia zerbitzuetara eta segurtasun indarretara soilik bideratzen delako.

Beste hainbat helburu ere izango lituzke batzordeak, sinatzaileen arabera: botere exekutiboak edo judizialak «disidentzia politikoa jazartzeko» eginiko ekinbideen berri izatea, Pegasus edo espioitzarako bestelako tresnen inguruko kontratazioen xehetasunak jasotzea, «ustez legez kanpo egin diren ikerketekin» Atzerri Ministerioak izan dezakeen lotura argitzea, «legez kanpoko ikerketek kaltetuei ordaina emateko neurriak proposatzea» eta «demokrazia Estatuko indarren abusuen aurrean blindatzea».

Alderdiek salatu dute gertaerek kaltetuen oinarrizko eskubideak urratzen dituztela: hala nola Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluan jasotako intimitate pertsonalerako eta pribatutasunerako eskubideak, eta 24. artikuluan jasotako defentsarako eskubidea. Hala, gogorarazi dute Europako Parlamentuak ere ikerketa bat abiatu duela Pegasus softwarearen erabilera ikertzeko.

Sinatzaileek kritikatu dute ez dela halako espioitza kasu bat publiko egiten den lehen aldia, eta iraganean Espainiako Gobernuak eta Kongresuak berak uko egin izan diotela halako gaiak ikertzeari. Zehazki, salatu dute administrazio publikoek ez dutela «estatuaren estolden» aferaren inguruan eta «sistema demokratikoa estutzen duten praktika ilegal horiek» eragozteko hartutako inolako neurriren berri eman orain arte.

Aurrez, The Guardian egunkariak argitaratu zuen Kataluniako Parlamentuko presidente ohi Roger Torrenten telefonoan sartu zirela, baina Espainiako Kongresuak uko egin zion gaia aztertzeari. Era berean, gogorarazi dute, besteak beste, Espainiako presidenteorde ohi Pablo Iglesias eta enpresa munduko ehunka lagun ustez espioitzaren biktima izan direla azken urteetan: «Kasurik eskandalagarriena Jose Manuel Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiarena da».

Torontoko Unibertsitateko Citizen Lab laborategiak eginiko ikerketa gogora ekarrita, sinatzaileek salatu dute gutxienez Euskal Herriko eta Kataluniako 65 buruzagi independentista, aktibista, abokatu eta kazetari espiatu dituztela «ilegalki», telefono mugikorren bidez. Horien artean daude EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta koalizioko diputatu Jon Iñarritu. Kataluniako ordezkarien artean, berriz, Generalitateko azken lau presidenteetatik hiru —Pere Aragones, Quim Torra eta Artur Mas— daude, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.