Espioitza

Espainiako Gobernuak dio ez duela inor espiatzen baimen judizialik gabe

CNIk galdetuta buruzagi independentistak espiatu ote dituen, Isabel Rodriguezek esan du ezin diola horri erantzun, «segurtasun nazionaleko kontu bat» delako. Europako Batzordeak adierazi du estatu bakoitzari dagokiola espioitza salaketak ikertzea.

Isabel Rodriguez, gaur, kazetarien galderei erantzuten. J. J. GUILLEN / EFE
Uxue Rey Gorraiz - Paulo Ostolaza
2022ko apirilaren 19a
14:39
Entzun

Erreakzio soka luzea eragiten ari da The Citizen Lab ikerketa zentroak ondu eta The New Yorker hedabideak argitara ateratako informazioa: Pegasus programaren bitartez 60 buruzagi independentista baino gehiago espiatu dituztela zabaldu zuen egunkariak atzo. Ordutik, asko izan dira gaitzespen keinu eta ardura eskeak. Europako Batzordea mintzatu da berriki: azaldu duenez, instituzioak espero du EB Europako Batasuneko estatuetako agintariek ikerketa bideak abiatuko dituztela auziaren gainean. Erantsi du, halaber, kasuak «onartezinak» liratekeela, «hala gertatu direla baieztatuko balitz».

Edonola ere, politikari independentistena ez beste kasu batzuei loturik egin ditu adierazpenak Europako Batzordeak. Greziako kazetari batek jasandako espioitza kasuarengatik hitz egin du, zehazki: «Auzi mota horien gaineko ikerketa EBko kide bakoitzari dagokio. Espero dugu hala eginen dutela eta berreskuratuko dutela konfiantza», adierazi du batzordeko bozeramaile Johannes Bahrkek. «Haiek segurtatu behar dute programa horiek ez direla legez kanpo erabiltzen». Hori hala, beraz, Madrili legokioke Kataluniako eta Euskal Herriko politikarien kasuak aztertzea.

Espainiako Gobernuak, ordea, argi esan du gaur: ez ditu inoren komunikazioak oztopatzen epaile baten baimenik gabe. Hori adierazi du Isabel Rodriguez gobernuaren bozeramaileak. CNI Espainiako Zerbitzu Sekretuek zuzenean galdetu diote buruzagi independentistak espiatu ote dituzten, eta esan du ezin diola horri erantzun, «segurtasun nazionaleko kontu bat» delako: «Kontu sekretuak dira, eta legeak ez dit uzten haiei buruzko azalpenak ematen».

Dena den, azpimarratu du Espainian ez dela espiatzen, eta gehitu du Estatuak behar bezala funtzionatzen duelako erabateko segurtasuna duela. Iragarri du Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak agerraldi bat egingo duela parlamentuan Pegasus sistema zein kasutan erabiltzen duten azaltzeko.

«Eraso larria», Urkulluren hitzetan

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez eman du bere iritzia: «Buruzagi instituzional eta politikoei ustez egindako espioitza kasuei buruzko informazioak oso larriak dira. Berehala argitu behar ditu Espainiako Gobernuak», idatzi du. Kasuak «gardentasun osoz» argitzea ere galdegin du.

Argitara ateratakoa arbuiatu du Urkulluk. Dioenez, halako ekinbideek «ez dute lekurik» zuzenbide estatu batean. «Desberdin pentsatzen duena zelatatzea, hori baita argitaratutako informazioek erakusten dutena, sistema demokratiko bermedunaren oinarrien aurkako erasoa da», kritikatu du.

Atzean nor?

Pegasus era zibernetikoan egindako espioitzarako programa bat da; soilik gobernuek izaten dute eskura, eta, beraz, pentsatzekoa da Espainiako Gobernua dagoela atzean.

Atzo zabaldu ziren datuen arabera, Kataluniako politikari ugari daude espiatu dituztenen artean: Pere Aragones, Quim Torra, Anna Gabriel eta Artus Mas, besteak beste. Euskal Herriko politikari independentistak ere badira tartean: EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta koalizioko diputatu Jon Iñarritu. Iñarrituk atzo salatu zuen «disidentzia politikoaren» kontra egindako «eraso masibo» bat dela atzo ezagutarazi zen ikerketak erakutsi duena, eta iragarri zuen «neurri juridiko egokiak» abian jarriko dituztela jazo dena argitzeko. Gehitu du espioitzaren erantzuleak kargutik kendu beharko lituzkeela «berehala» Gobernuak.

Sakelako telefonoen bidez deiak kontrolatzeko pentsatuta dago Pegasus programa. Israelgo enpresa batek garatutakoa da, eta, hainbat iturriren arabera, oso boteretsua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.