«Euskal Herriko hiri nagusietako udaletxeetatik abiatuz, zein da ordu laurdenean bizikletaz lortu dezakegun irismena?». Haritik Hirira geografo taldeak —Josu del Campok eta Jon Maciasek osatzen dute— galdera horretatik abiatuta argitaratu du bere azken ikerlana Twitterren. Izan ere, azaldu dutenez, «asko hitz egiten da 15 minutuko hiriaz, baina ez gehiegi bizikletak hiri-eredu hau lortzeko bidean izan dezakeen eraginkortasunaz».
HARIA. Asko hitz egiten da 15 minutuko hiriaz, baina ez gehiegi bizikletak hiri-eredu hau lortzeko bidean izan dezakeen eraginkortasunaz.
— Haritik Hirira (@HaritikHirira) April 18, 2022
Euskal Herriko zenbait hiritako udaletxetatik abiatuz, zein da ordu laurdenean bizikletaz lortu dezakegun irismena? 🚲 #HaritikHirirapic.twitter.com/6ban0D5tG4
Eurek argi dute: «Irismen aldetik, Euskal Herriko hirien tamaina kontuan hartuz, bizikleta garraiobide bereziki eraginkorra da». Dena den, fokua azpiegituretan jarri dute, eta haiei bultzada emateko eskatu. Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea aztertu dituzte, OpenRouteServices eta Google Maps programen laguntzaz. Azaldu dute bereziki Bilbon, Iruñean eta Baionan azpiegiturak hobetzeko lan asko geratzen dela aurretik: «Bidegorri azpiegitura trinko eta seguruek dagoeneko lortu daitekeen irismen maila borobilduko lukete».
Aurretik, hiri bakoitzeko egoera banan-banan aztertu dute Haritik Hirira-ko kideek, eta OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak duela gutxi argitaratutako bidegorrien inguruko txostenak esandakoak ere jaso dituzte.
Baiona: «Aturri ibaiaren ardatzari jarraituz urrutira irits gaitezke hamabost minututan. Gainera, hego mendebaldeko norabidea hartuz gero, Angeluraino heltzea ere posible da, hirian zehar modu azkar eta erosoan mugituz».
Bilbo: «Mendi magalean kokaturiko auzoetara iristea zailagoa den arren, dentsitate handiko hiri egitura nagusia haran barnean kokatzen da, bizikletaz eginiko joan-etorriak erraztu eta hiriko gune nagusietara denbora gutxian iristea ahalbidetuz».
Donostia: «Ekialde zein hego-mendebaldeko auzoetara iristea posible den arren, ordu laurden baino gutxiagoan nekez iritsiko gara Aiete, Miramon edo Ulia bezalako auzoetara». Azpiegiturak onak izan arren, atzerapauso bat eman dela nabarmendu du OCUk.
Gasteiz: «Hiriko erliebeak asko errazten ditu bizikletaz eginiko bidaiak. Bereziki eraginkorra: oso erraza da hiriko punta batetik bestera denbora gutxian eta erosotasunez iristea». OCUk hango azpiegiturak azpimarratu ditu, «egindako lan onagatik».
Iruñea: «Gasteizko kasuaren antzera, erliebe lauak bizikletaz eginiko mugikortasuna norabide guztietan modu nahiko homogeneo eta azkarrean hedatzea ahalbidetzen du».
Haritik Hirira Twitter kontua duela urtebete inguru sortu zuten Del Campok eta Maciasek, euskaraz ez baitzegoen lurraldea, hiriak eta geografia lantzen zituen konturik. Euren funtsa da herrien, hirien eta lurraldearen antolaketaren oinarriak azaltzea, eta haiek herritarren bizimodua nola baldintzatzen duten argitzea. Podcasta ere bada orain.