Politika

Salatu dute politikari independentistak espiatu dituztela

Pegasus programaren bidez Kataluniako politikarien deiak entzun dituzte, eta Euskal Herrikoenak: Otegi eta Iñarritu tartean. Gobernuek soilik eskura dezakete programa.

arantxa iraola
2022ko apirilaren 18a
19:24
Entzun

The Citizen Lab ikerketa zentroak egindako ikerlan baten berri eman du The New Yorker hedabideak, eta, horren arabera, Pegasus programaren bidez 60 bat buruzagi independentista espiatu dituzte. Era zibernetikoan egindako espioitzara zuzendutako programa bat da; soilik gobernuek izaten dute eskura, eta, beraz, pentsatzekoa da atzean Espainiako Gobernua dagoela; AI Amnesty International erakundeak berak eskatu dio gobernuari argitzeko programa erabili duen.
Gaur zabaldu diren datuen arabera, Kataluniako politikari ugari daude espiatu dituztenen artean, 65 bat pertsona inguru denera: Pere Aragones, Quim Torra, Anna Gabriel eta Artur Mas, besteak beste. Euskal Herriko politikari independentistak ere badira tartean: EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta koalizioko diputatu Jon Iñarritu. Iñarrituk salatu du «disidentzia politikoaren» kontra egindako «eraso masibo» bat dela ikerketak erakutsi duena, eta «neurri juridiko egokiak» abian jarriko dituztela jazo dena argitzeko.
Sakelako telefonoen bidez deiak kontrolatzeko pentsatuta dago Pegasus. Israelgo enpresa batek garatutakoa da, eta, hainbat iturriren arabera, oso boteretsua. AIk, Espainiako Gobernuari programa erabili duen argitzeko eskatzeaz gain, EB Europako Batasuneko erakundeei ere eskatu die gaia aztertzeko. Programa horren salmenta bertan behera uzteko eskatzen ari da AI; izan ere, egiaztatu izan dute hainbat gobernuk «legez kanpo» erabili dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.