Aberri eguna

EAJk Bilbon ospatu du Aberri Eguna; EH Bilduk, Iruñean

Euskal Herria Batera-k eskatu du ikurrak atera eta kantuz ospatzeko eguna. Andoni Ortuzarrek elkarlanerako deia egin die gainontzeko alderdiei, eta Bakartxo Ruizek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du. EH Baik 1.200 lagun bildu ditu Azkainen. Ahal Duguk «aberriaren kontzeptua birpentsatzera» animatu ditu herritarrak.

EAJko ordezkariak, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2022ko apirilaren 16a
23:12
Entzun

Aberri Eguna izan zen atzo. Hainbat eragilek ospatu dute eguna igandean, eta aldarrikapenak egiteko ere baliatu dute aukera. Euskal Herria Batera ekinbideak, adibidez, dei egin die euskal herritarrei, Aberri Eguna egun osoz zelebratu dezaten. Etxeko balkoi eta leihoetan ikurrak jartzea proposatu dute, baita euskal ereserkiak kantatzea ere. Hiru kantu proposatu dituzte eurek: Ikusi mendizaleak, Gernikako arbola eta Txoriak txori. Bideo batean ere jaso dituzte hiru kantu horiek:

Euskal herritar guztiek noiznahi egiteko moduko deialdia egin dute, beraz, duela bi urte hasitako bidetik. «Aberri Egunak gaitasuna du euskal komunitatea elkartzeko eta hari balioa emateko».

EAJ, Bilbon

Alderdi politikoek zeinek bere aldetik ospatu dute Aberri Eguna. EAJk Bilbon egin du ekitaldi nagusia, Plaza Barrian, 11:00etan. Han 3.000 lagun inguru bildu dira, eta hizlariak Andoni Ortuzar EBBko burua eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan dira.

Ortuzar «euskal alderdiei» mintzatu zaie: «Gaur da Aberri Eguna. Eta abertzale hitza gero eta gutxiago erabiltzen duten arren eta haren ordez independentista hitza erabiltzen duten arren, hemen dute EAJren eskua, luzatuta, elkarren artean adosteko, elkar ulertzeko. Gutxieneko errespetua baino ez dute erakutsi behar; etor daitezela eraikitzera, eta ez suntsitzera», azpimarratu du EBBko buruak: «Horra hor eskaintza zintzoa EH Bildurentzat eta gainerako indar politikoentzat». Hizpide izan ditu Ukraina, Mendebaldeko Sahara eta Frantziako hauteskundeak ere, besteak beste.

Beste zenbait herritan ere egin dituzte ekitaldiak. 1932an ospatu zen lehen Aberri Eguna, EAJk antolatuta, eta urteurren hori presente izan dute ekitaldietan. Bestalde, aurten bete dira ehun urte Emakume Abertzale Batza sortu zela.

EH Bildu, Iruñean

EH Bilduk manifestazio bat egin du Iruñean, 12:00etan. Sarasate pasealekuan amaitu da, eta ekitaldi politikoa egin dute han. Hitza hartzen lehenengoa Joseba Asiron Iruñeko alkate ohia izan da, eta ondoren Ernaiko Izar Hernandoren eta Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentariaren txanda izan da.

Ruizek azaldu du gaurko egunean Amaiurren gertatutakoa gogora ekarri nahi izan dutela, «Euskal Herriaren memoria bizia delako»: «Eta ez dugu ahaztu, oztopo guztien gainetik burujabe izateko borrokak bizirik iraun duelako gaurdaino». Testuinguru horretan, demokrazia, bakea eta burujabetza izan dira hitzaldian gehien errepikatu dituen hitzak.

Atzerriko zenbait alderdi subiranistaren ordezkariak ere han izan dira: ERCkoak, BNGkoak, CUPekoak eta Junts Per Catalunyakoak, besteak beste. Gazteluko plazan zenbait musika ekitaldi izan dituzte ondoren.

EH Bai koalizioak, berriz, Azkainen (Lapurdi) biltzeko deia egin zuen, eta manifestazioa egingo dute han, 12:00etan, burujabetza aldarrikatzeko. 1.200 lagun inguru bildu dira, eta «nazio eraikuntza berrindartzeko garaia» dela aldarrikatu dute.

Beste zenbait taldek ere antolatu dituzte ekitaldiak. Jardun koordinakundeak, adibidez, manifestazioa egin du Gernika-Lumon (Bizkaia), 12:00etan. Ondoren, ekitaldia eta kontzertuak ere egin dituzte.

Ahal Dugu-ren oharra

Podemos-Ahal Dugu alderdiak ez du egin Aberri Eguna ospatzeko ekitaldi berezirik, baina «Euskadiren etorkizunaz hausnartzeko» eguna zela adierazi du. Hala, ohar baten bidez euskal gizarteari gonbita egin dio «aberriaren kontzeptua birpentsatzeko», gizartearen «heterogeneotasun guztia» barne hartuta. Izan ere, Ahal Dugu-ren iritziz, aberria «ez da dimentsio bakarreko sentimendu bat, «komuna» dena defendatzen duen «sentimendu askotarikoa» baizik. «Aberria ez da ikurrina astintzea zerbitzu publikoak pribatizatzen diren bitartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.