Gazte mugimenduak

Abiatu da Ernairen gazte martxa, Zugarramurditik Elizondorainoko bidea egiteko

Mendi ibilaldia eta musika jaialdia uztartuko dituzte, gaurtik igandera bitarte. Apirilaren 17an Iruñean eginen den Aberri Egunean bukatuko dute egitasmoa.

Gazte independentistak Zugarramurdin, gaur, Ernai deitutako gazte martxan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Tubia - Uxue Rey Gorraiz
2022ko apirilaren 14a
11:58
Entzun

Gogotsu eta indarrez. Bi urtez bertan behera gelditu ondoren, ehunka gazte batu dira Ernai gazte antolakundeak Nafarroan antolatutako gazte martxara. Zugarramurditik abiatu da, eta Erratzura ailegatu dira arratsean. Bihar bigarren ibilaldia eginen dute, Elizondora, eta musika jaialdiaz, hitzaldiez, tailerrez eta ekitaldi politikoaz gozatuko dute han. Amaiurren geldialdia egin dute, bertan duela bostehun urte izandako gudua gogoan. BostEHun eta zutik! da martxaren aurtengo leloa.

«Hemen gaude. Bi urte luzeren ostean, hiru egunez martxan eta borrokan ariko gara euskal gazteak». Lepo betetako frontoian esan ditu hitzok Ane Alava Ernai gazte antolakundeko bozeramaileak. Zugarramurdin egin dute hitzordua, eta goiz jaiki dira gazteak martxan parte hartzeko. Autobusek ahal bezala egin dute bidea gazteak herrian utzi eta alde egiteko. Frontoiaren kanpoaldean, ilarak, erositako bonuen ziurtagiria lortzeko: eskumuturreko gorria. Banderak makiletan zintzilik prest izan dira abiatzeko, gazteek motxilak eta lo zakuak bizkarrean zituzten, eta euskal presoak gogoan, argazkiekin zein banderolekin. Musikaren laguntzari esker esperoan egotea ez dahain luze egin.

Gertakari bitxiak ere izan dira: gazte batzuk Fck PNV mezua zuten betaurrekoak saltzen ibili ziren jende artean. Autobusen kudeaketa zaila zela-eta, ordu bete berandu hasi da martxa. Gogoa, baina, ez zaie itzali gazteei. «Gora euskal gazteria», oihukatu du Alavak, eta jarraian suziria piztu. Eztandarekin batera abiatu dira mendiko zapatilak eta botak bidean aitzina, urrats sendoz eta ikurrinak eta Nafarroako banderak airean dantzan. Zugarramurditik Amaiurrera abiatu dira eta, ondoren, Erratzura, hango kanpalekuan lo egiteko.

Bi ohar nagusi egin ditu Alavak martxari ekin aurretik. Batetik, Baztango herriak zaintzeko. Bestetik, elkarren arteko zaintzaren garrantzia nabarmendu du, eta argi utzi: «Ez dugu inolako eraso matxistarik onartuko». Txalo zaparrada jaso zuen azken oharrak.

Amaiurren geldialdia egin dute arratsaldean, ekitaldi politiko bat egiteko. 1522ko uztailean hango gazteluan izandako bataila gogoratzen duen monolitoaren aitzinean paratu dira martxako parte hartzaile guziak. Gainetik aritu dira Ekiñe Zapiain eta Iratxe Muxika kantuan. Ondotik, Juantxo Agirre arkeologoak egin die ongi etorria, Amaiurko herriaren izenean. Historia kontatu du: Amaiurko guduarena eta hura oroitzen duen monolitoarena; nola eraitsi zuten eta 1982an herritarrek berriz eraiki. Are, atzo Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako armarriak xehaturik zituen monolitoak. Aurreko gauean ezabatu zituen ezezagunen batek.

Agirre gazteei zuzendu zaie: «Memoriak behar ditu belaunaldi berriak, eta zuek zarete horiek. Beraz, aurrera segi zuen bidean, beti askatasunaren aldetik eta bizkor». Hitzartze nagusia Alavak egin du, Ernairen izenean. Berehala ekarri du gogora gertakari historikoa: «Nafartasunaren eta askatasunaren ikur izaten jarraitzen den herri-harri honetan batu gara ehunka gazte independentista, eta gaztelu berria eraikitzera gatoz». Orduko armadaren borroka «aitortu» eta «ondare» hori «bere» egin zutela gaineratu du.

Hala ere, ez zen iraganeko kontuetan gelditu: «Gu aurrerantz goaz, bostehun urte eta zutik jarraitzen dugulako, eta jarraituko dugulako; jarraituko dugu Euskal Herri aske, feminista, sozialista eta euskalduna irabazi arte». Horretarako, «argia» eta «indarra» dituztela ohartarazi du Alavak. «Badugu nora begiratu eta nondik jarraitu bidea. Zutik gaude; zutik dago euskal gazteria». Asier Alzedoren bertsoa etorri da jarraian: «Menpekorik gabeko mundu bat ez da zerutik eroriko». Eusko gudariak kantarekin borobildu dute ekitaldia.

Helmuga: Elizondo
Amaiurrekoa bukatuta, Erratzurako bidea hartu dute gazteek. Han muntatu dituzte kanpin dendak. «Oztopo» batzuk izan dituztela onartu du Alavak, eta horregatik Erratzuko kanpalekua nahi baino «prekarioagoa» izan dela. Horrek ez du besta zapuztu, eta giro onean bukatu dute mendi jardun luzea.

Bihar abiatuko dira Elizondora, eta han izanen da jaialdi nagusia. Bi egunez hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak izanen dituzte. Musikari dagokionez, Herdoil, Ibil bedi, Liher, Xiberoots, Skabidean, Sua eta Kaleko Urdangak taldeak ariko dira, besteak beste. Ekitaldi politiko nagusia han izanen da, 20:30ean, Elizondon muntatu duten karpa handian. Igandean Iruñeko Aberri Egunean parte hartzeko deia egin du Ernaik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.