Ohiko bizitza garestiagoa dela berrestera etorri da martxoko KPI kontsumo prezioen indizea. Inflazioa %9,6raino igo da Hego Euskal Herrian, bi digituetara iritsi gabe baina goranzko bidean bizi, otsaileko %7,5etik jauzi nabarmena eginda.
Datua espero izatekoa zen, INE Espainiako Estatistika Institutuak datu aurreratuan azaldu baitzuen herrialdeko inflazioa %9,8 izan zela. Datu hori berretsi egin da gaur, eta inflazio datu handiekin daude beste herrialde garatu asko ere. Atzo bertan, Alemanian %7,3ko tasa iritsi zuten, azken ia 30 urteetan ikusitako inflaziorik handiena. AEBetan bertan ere %8,5eko inflazio tasa izan dute martxoan.
Hego Euskal Herriko datu esanguratsuenen artean nabarmentzekoa da, besteak beste, azpiko inflazioarena, %3,5. Elaboratu gabeko elikagaiak eta energia gaiak —aldakorrenak izan ohi direnak— kanpoan uzten dituen inflazioaren halako datu bat ikusteko, 2003ko urteko otsailera egin behar da atzera. Azpiko inflazioak erakusten du prezioen igoera beste sektoreetara hedatzen ari dela, eta egonkortzen.
Ukrainako gerrak, nola ez, eragin zuzena du kontsumo gaien garestitze orokor horretan. Gas garestiaren ondoriozko argindar garestiak gorantz zekarren inflazioa, baina gerrarekin, adibidez petrolioa eta ondorioz erregaiak modu ikusgarrian garestitu dira: iaz baino %37 garestiago salerosi dira Hego Euskal Herrian.
Elikagaien salneurria ere nabarmen igo da iazko martxokoekin alderatuta, %6,8. Datu ikusgarrienetako bat, hori bai, etxebizitzako gastuen prezioan ikusi daiteke (berokuntza, argia eta ura): gastu horiek %68,4 garestiago dira.
Azpiazu: «Oso arazo handia da»
ETB1eko Egun on,Euskadi saioan elkarrizketa egin diote Pedro Azpiazuri, eta Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak onartu du %10etik gertu den inflazioa «oso arazo handia» dela langileentzat, enpresentzat eta ekonomiarentzat oro har. Azaldu duenez, energia kostuen eta lehengaien garestitzearen ondorioz igo dira %70 inguru kontsumo salneurriak, eta aldagai aldakorrago horiek kenduta geratzen den azpiko inflazioa kontrolatzea «zailagoa» da.
«Kapaz bagara argindarraren eta gas naturalaren prezioa kontrolatzeko, inflazioaren parte handiena kontrolpean egongo da». Dena den, gogoratu du batik bat Europako Batasunaren esku dagoela gasaren salneurriarekin zer gertatuko den. Inflazioari dagokionez, EBZ Europako Banku Zentralak interes tasak igo ditzake, baina hori neurrian egin beharko lukeela gaineratu du, kontsumoari eta inbertsioari kalte ez egiteko. Jaurlaritzak espero du bigarren seihilekotik aurrera beherantz egitea KPIak.
Sindikatuen eta enpresaburu elkarteen artean «akordio zabal bat» lortzera deitu du Azpiazuk, eta soldaten igoerari begira azpiko inflazioa erreferentzia gisa hartzeko eskatu du. «Arazo handi bat da». Izan ere, haren ustez, KPIa erreferentzia gisa hartuz gero, baliteke prezioak are gehiago igotzeko gurpil zoroa sortzea, eta horrek kalte egingo lioke enpresen lehiakortasunari. %4,5 inguruko azpiko inflazioa aintzat hartuta, langileek izan dezaketen 6,5 puntuko erosahalmen galera etorkizunean enpresek konpentsatu beharko luketela gaineratu du: «Esfortzua egin bada, esan nahi du gauzak onbideratzen direnean konpentsatu egin behar dela».
Eskaera hori ez du aintzat hartu Daniel Gonzalez UGTko Politika Sindikaleko arduradunak, eta eskatu du soldatak KPIaren arabera igotzeko. Haren arabera, «lotsagarria da pandemia eta Ukrainako gerra aitzakiatzat erabiltzea langileak zigortzeko», kontuan harturik zenbait enpresak «ezohiko etekinak» dituztela egoera honetan. Gonzalezek esan du egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %70 ingururi eragiten dien negoziazio kolektiboa «blokeatuta» dagoela eta Confebaski eskatu dio egoera desblokeatu dezala soldatak berrikusteko klausulak ezartzeko. Halaber, argindarraren, gasaren eta elikagaien kostua apaltzeko neurri gehiago eskatu ditu.
Hain zuzen ere, Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehendakariorde lehenak eta Ekonomia ministroak espero du inflazioak behera egingo duela datozen hilabeteetan, erregaien prezioa 20 zentimo apaltzeko laguntzari, argindarraren gaineko zerga jaitsierari eta Europako Batasunarekin handizkako merkatuen inguruko negoziazioei esker. Haren arabera, egungo inflazioa «onartezina» da.