Espainiak Xabier Atristainen eskubideak urratu zituela ebatzi zuen urtarrilean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta estatua zigortu zuen hari prozesu justu bat ez bermatzeagatik. Orain, Estatuaren Abokatutzak jakinarazi du ebazpenaren aurkako errekurtsoa aurkeztuko duela. Espainiak hilaren 18ra arteko epea du horretarako.
Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen 2010ean Atristainen eskubideak urratu zirela, inkomunikazio garaian abokatu bat aukeratzea galarazi ziotelako eta, horren bidez, prozesu «justu eta ekitatezko bat» izatea eragotzi ziotelako. Atristaini hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak 2013an, eta Auzitegi Gorenak zigorra baieztatu zuen urtebete geroago. Ebazpen hura Estrasburgora eraman zuen, baina, Atristainek, eta hark arrazoia eman zion urte hasieran. Hala, otsailaren 17an irten zen Martuteneko espetxetik (Gipuzkoa).
Espainiako Justizia ministro Pilar Llopek goizean adierazi du Estatuaren Abokatutza gaia aztertzen ari dela, eta lanean «lasai» uzteko eskatu du: «Ez gara arinegi ibili behar». Handik ordu gutxira iritsi da, baina, baieztapena. Hala, AVT biktimen elkartearen eskaerei men egin die gobernuak. Haren esanetan, errekurtsoa aurkeztu ezean, litekeena da dozenaka euskal preso askatzeko bidea irekitzea ebazpenak. Izan ere, EH Bilduk adierazi zuen erabakiak «aplikazio analogikoa» izan beharko lukeela, euskal preso ohia aske geratu berritan: «Autoinkulpazio horiek eta inkomunikaziopean torturapean erauzitako hirugarren pertsonei egindako inkulpazioak Auzitegi Nazionalaren jardueraren oinarrian egon dira»
Atristain 2010eko irailaren 29an atxilotu zuten, eta hura inkomunikatzeko agindu zuen Auzitegi Nazionalak, lehergaiak aurkitzeko ikerketa oztopatu zezakeela argudiatuta. Defentsa abokatua hainbat aldiz saiatu zen harekin harremanetan jartzen, baina Guardia Zibilak galarazi egin zion halakorik egitea. Estrasburgoko Auzitegiaren arabera, ezin da kontuan ez hartu bere aurkako zigor prozesuan «eskatzailearen lehen aitortzak ziurrenik izan zuen inpaktu esanguratsua». Izan ere, orduan egindako deklarazioetan bere burua hainbat ekintzaren erantzuletzat jo zuen, eta adierazpen horiek oinarri hartuta zigortu zuten.