Esnegintza

Abeltzain talde batek esnea oparitu du, esnearen prezio merkea salatzeko

Egungo prezioekin, saltoki handiek produkzio kostuen azpitik saltzera behartzen dituztela eta Elikagai Katearen Legea bete dadila exijitu dute, Iruñeko Carrefourren egindako protestan.

Gaur abeltzainek egindako protesta, Iruñeko Carrefour aurrean, Mendebaldea auzoan. IDOIA  ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2022ko apirilaren 12a
13:34
Entzun

«Esne litro baten truke zenbat ordaintzeko prest zaude? Prest al zeundeke esne litro bakoitzeko 20 zentimo gehiago ordaintzeko? Prest egongo al zinateke urtean 14 euro gehiago pagatzeko, alegia?»: Nafarroako abeltzain talde batek Iruñeko Carrefour saltokian banatutako esku orri batean, galdera zuzen hori egin dute.

Carrefourren sartu, eta marka zuriko sei kutxa esne erosi dituzte, 27 euroren truke. Prezio hori «opari bat» dela deritzote, eta, hori adierazi nahirik, kutxa horretako esnea banatu dute saltokitik irten eta sartu zebiltzan erosleei.

Oier Villanueva abeltzain ultzamarraren arabera, kutxa horiek pertsona batek batez beste urte erdian kontsumitzen duen esne kopurua adierazten du —35 litro sei hilabetez, 70 litro urtean—, eta saltoki handiek oso merke saltzen dute: «Gaur egun saltoki handietan marka zuri gisa saltzen den edozein esnek ezin du inola ere bete abeltzainen eta kateko ondorengoen ekoizpen kostua».

Ez da Nafarroan egiten duten lehen protesta. Egoera larria da. Azken asteetan banaketa taldeek esnea zertxobait garestitu badute ere, hori «ez da nahikoa». Nabarmendu du pentsuen eta erregaiaren kostuaren igoeraren ondorioz abeltzainek esnea produkzio kostuen azpitik saltzen dutela eta zenbait abeltzain bankuei mailegua eskatzen ari direla jarduerari eusteko.

Protestaren bidez, azaldu dute «premiazkoa» dela neurriak hartzea eta 2020an onartutako Elikagai Katearen Legea betetzea. Esne eta esnekien kasua berezia dela uste dute, gainera. Carrefourrek eta beste saltoki handiek kontsumitzaileak erakartzeko amu gisa erabili ohi dute esnea, eta prezioak amilduz abeltzainekin «jolasten» ari direla gaitzetsi dute.

Gaurko protestaren bidez, salatu dute merkatuko «joko zital hori» indarrean dagoela oraindik ere; adibidez, antzeko jogurten kasuan, hipermerkatu baten edo bestearen arteko prezioaren aldea «%30erainokoa» dela salatu dute. Ohartarazi dute prezioen jaitsierak, lehen sektorean dihardutenak estutzeaz gain, esne industriako langileen baldintzak okertzen eta soldatak baldintzatzen dituela.

Horregatik, administrazioei neurriak har ditzatela exijitzeaz gain, gizarteari galdetu diote ea prest al dagoen esnearen eta esnekien truke «prezio duin bat» ordaintzeko, sakelakoekin edo ordainpeko telebista plataformekin askok egiten duten bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.