«Baso bat ur, mesedez». Lehen ere ohikoa zen tabernetan hori eskatzea, baina aurrerantzean, legez, ezingo dute ezetz esan ostalariek Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak joan den larunbatean argitaratu zuen Ekonomia Zirkularrerako Estrategia eta Hondakinen Legea, eta indarrean da jada. Horri esker, beste hainbat neurri ere onartu dituzte.
Legearen helburu nagusiak dira erabilera bakarreko plastikoak gutxiago erabiltzea, eta dendetan pisura erostea sustatzea. Lehen helburua betetzeko, administrazio publikoek iturriak jarri beharko dituzte beren egoitzetan, edo behin baino gehiagotan erabil daitezkeen ontzietan eskaini beharko dute ura. Ostalariek, berriz, beti eskaini beharko diete bezeroei iturriko uda dohainik edateko aukera.
Bigarren helburuari dagokionez, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, 400 metro karratu baino gehiago dituzten elikagai dendek euren azaleraren %20 gutxienez eskaini beharko diete plastikoetan bildu gabeko produktuei. Bi modu daude horretarako: pisura saltzea, edo edukiontzi berrerabilgarriak erabiltzea.
Helburu nagusia da hondakin gutxiago sortzea: «Hondakinen arloko edozein politikaren helburu nagusia izan behar da ahalik eta gehien murriztea hondakinok sortzeak eta kudeatzeak gizakien osasunean eta ingurumenean duen eragina», dio legeak. Alferrik galtzen diren elikagaietan ere jarri du arreta: %50 gutxitu nahi ditu etxeetan eta txikizkako kontsumoan, eta %20 produkzio eta banaketa kateetan. Horren ondorioz, hondakin kudeaketak sortzen dituen gas isuriak hamar milioi CO2 tonatik jaistea espero du Madrilek.
Europak ere begiz jota dauzka erabilera bakarreko plastikoak, besteak beste ibaietara eta itsasoetara iristean eragiten duten kalteagatik. Horregatik debekatu zituen, iazko uztailean, erabilera bakarreko plastikozko mahai tresnak eta kotoi zotzak.
Zaborrei dagokienez, orain arte gaika biltzen den zaborraz gain, Madrilek bestelako hondakin batzuk ere bereizita biltzera behartuko ditu udalak: arropa, etxeko hondakin arriskutsuak, sukaldean erabilitako olioa... Era berean, zabor organikoa bereizita biltzeko modua jarri beharko dute udalek, 2024tik aurrera.
Zergak, 2023tik aurrea
Legea, ordea, ez da osorik sartu indarrean. 2023ko urtarrilaren 1ean ezarriko dituzte ekonomia zirkularra sustatzeko bi zerga: erabilera bakarreko plastikoen ekoizpenari jarriko diotena —kilogramoko 0,45 euro ordaindu beharko dute ekoizleek—, eta zabortegietan zaborra botatzeari ezarriko diotena.
Azkenik, legeak amiantoa erretiratzeko neurriak ere jaso ditu. 2023ko apirilaren 10a baino lehen, udalek errolda bat egin beharko dute amiantoa duten eraikinekin. Ondoren, hura kentzeko egutegi bat osatuko beharko dute, kasurik arriskutsuenetan beranduenez ere 2028rako kendu dezaten.