Korrikaren testuinguruan, AEK-k abian jarri zuen euskara ikasteko doakotasunaren aldeko kanpaina, eta helburu hori hizpidera ekarri du gaur Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak. «Eskaera zuzena» egin die administrazio publiko nagusiei: «Erabaki ausartagoak hartu behar dituzte. Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, gakoa izango da helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere».
Herritarrei ere zuzendu zaie. Korrika amaitu ondoren ere AEKren eguneroko lanak aurrera jarraitzen duela nabarmendu du, eta gogorarazi die euskaltegiak «zabal-zabalik» dituztela, «euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko edo gehiago erabiltzeko». Halaber, euskara ulertu ez eta Korrikan parte hartu dutenei «mezu berezia» bidali die: «Eskerrik asko zuen babesagatik, eta gonbidatzen zaituztegu euskaltegietara joatera. Animatzen zaituztegu euskara erabiltzen segitzera edo hastera. Milaka lagunek egin dute lehen ere, eta ezin duzue imajinatu zer esperientzia izango den Korrikaren hurrengo edizioan parte hartzea dagoeneko euskaraz jakinda».
Hori noiz izango den ere aurreratu dute. Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak zehaztu duenez, 2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute hurrengoa. Hortaz, urte bikoitietan mantenduko dute.
Aurtengoak erakutsi du «jendeak Korrikaren gogo bizia zuela», Amondoren esanetan, eta hasieratik nabaritu dute Korrikak «gora» egingo zuela. Hala egin du, haren esanetan, «maila bat gora». Amondoren hitzetan, «mundiala» eta «epikoa» izan da 22. Korrika. Azpimarratu du ezen, euskararen aldekotasuna sustatzeaz gain, helburu ekonomikoa ere baduela Korrikak. Azken horri oraindik ere eutsi egin beharko zaiola esan du, «zoritxarrez», datozen aldietan. Ziur agertu da, ordea, horretan ere aurrera egingo dela.