Milaka lagunen artean heldu da lekukoa amaieraraino

Amaitu da 22. Korrika. Eguraldia lagun, milaka lagun bildu dira Donostian euskararen alde, eta Karmele Jaiok irakurri du lekukoak barruan zeraman mezua. Aurretik, auzoz auzo ibili da Gipuzkoako hiriburuetako auzoetan zehar. Denera 2.575 kilometro egin ditu aurtengo Korrikak.

Karmele Jaio lekukoarekin, gaur, amaiera ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 10a
13:30
Entzun

Txaloak, malkoak, besarkadak. Amaitu da 22. Korrika, eta amestutakoa bezalakoa izan da amaiera: milaka lagun bildu dira Donostiako bulebarrean, eta ozen entzun da haien aldarrikapena: «Hemen gaude euskararen alde». AEK-ko ordezkariek txalo artean egin dituzte azken metroak, misterioa argitu aurretik: Karmele Jaiok idatzia zen lekukoak barruan zeraman mezua, eta idazleak irakurri du oholtza gainean.

Besteak beste, euskara gorpuztu egin behar dela esan du, eta bizia eman behar zaiola. Erreferentziek ere garrantzia izan dute: Pello Zabala, Joan Mari Torrealdai, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia, Izaskun Arrue eta Maurizia aipatu ditu Jaiok mezuan. «Ekin euskarari, eutsi kateari! Gora Korrika, eta gora euskara!», aldarrikatuz amaitu du.

Goizean goizetik bildu da jendetza Donostian, eta auzoz auzo joan da lekukoa. Irudi ikusgarriak ikusi dira; adibidez, Egiatik pasatu denean. Eragile nagusien txanda amaieran izan da, Donostiako erdigunean: Gure Esku, Eusko Ikaskuntza, alderdi politikoak, gehiengo sindikala, Hekimen, Euskalgintzaren Kontseilua...

Festak jarraituko du

Mezuaren irakurketaren ez da dena amaitu, ordea. Jai egitarau zabala antolatu dute egun osorako hirian. Zortzi gune zabalduko dituzte: Bulebarrean, Alderdi Ederren, kaian, Zuloaga plazan, Plaza Berrian, Trinitate plazan, Gipuzkoa plazan eta Sarriegi plazan. AEK-k, halaber, ohartarazi du gune horietan ez duela inolako «jazarpenik» onartuko: «Ez matxistak, ez sexistak, ez homofoboak, ez arrazistak...; ezta inor edonola gutxiesterik ere».

Herri bazkaria ere egongo da, Trinitate plazan. Bi txandatan bazkalduko dute, 13:30ean eta 15:00etan. Aurrez, baina, txartela erosi beharko da.

Iluntzean, kontzertuak izango dira zenbait gunetan. Besteak beste, Lamiak, En Tol Sarmiento eta Olatz Salvador musikariak ariko dira zuzenean. Lehentxeago, 16:30ean, bertso saioa izango da kaian, Beñat Gaztelumendi, Oihane Perea, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Julio Soto bertsolariekin.

Ikusi gehiago:Horrela jarraitu du BERRIAk

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.