Gazte Koordinakunde Sozialistak (GKS) jardunaldiak antolatu ditu gaur Berriozarren (Nafarroan), besteak beste, komunismoaren erronkei inguruan gogoeta egiteko. Egun osoko egitaraua prestatu dute, hitzaldi eta mahai inguru ugarirekin. Euskal Herri osotik iritsitako ehunka gazte ari da parte hartzen topaketan; antolatzaileen arabera, 1.200 gazte inguru daude. GKSk Berriari azaldu dioenez, jardunaldien helburua da gazteek ikuspegi komunista batetik dituzten erronkez hausnartzea. Horrez gain, «bizi eredu proletarioaz» eta «joera kultural berriez» ere hausnartzen ari dira topaketetan.
Helburu horiei helduta, mahai inguruak antolatzen ari dira. Goizean, besteak beste, gazteen artean nagusitzen ari diren joera kultural berriez eta gizartearen «iragankortasunak» gazteengan eragiten dituen ondorio sozial eta politikoez gogoeta egin dute. Politika totalitarioak, polizia jazarpenaz eta «gazteen kriminalizazioaz» ere jardun dute, eta baita «klase ertainaren galera prozesuaz» ere.
Salatu dute goizean Guardia Zibilak kontrolak egin dituela Berriozarrerako bidean, eta jardunaldietara zihoazen hainbat gazte identifikatu dituela.