13/13 auziko epaiari erantzun «sendoa eta bateratua» ematera deitu dute eragileek

Auzipetuetako lau zigortu dituen sententziaren aurka, manifestazioak egingo dituzte etzi Bilbon eta Donostian

Hainbat eragilek egin dute manifestazioetan parte hartzeko deia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2022ko apirilaren 7a
19:02
Entzun

13/13 auziaren sententziaren aurrean, auzipetuei elkartasuna adieraztera eta epaiaren ondoriozko «dezepzioa eta kexua» agertzera deitu dute epaituen herrietan sortutako plataformek eta bestelako eragile politiko, sozial eta sindikalek. «Epaiketa hau lekuz eta garaiz kanpo dago. Kaleko erantzuna sendoa eta bateratua izan behar da», adierazi du Ana Perez bozeramaileak, Bilbon EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean eginiko agerraldian, hogei bat lagunek babestuta. Hartara, larunbatean izango diren manifestazioetara parte hartzera deitu du: 17:30ean hasiko dira protestak, Bilbon Jesusen Bihotza plazatik abiatuta, eta Donostian Saguesetik.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 13/13 auzian akusatutako lauri jarri dizkie espetxe zigorrak, ETAko kide izatea leporatuta. Arantza Zuluetari ezarri dio zigorrik gogorrena, zazpi urte eta erdikoa; Jon Enparantza lau urtera kondenatu du, Naia Zuriarrain hiru urte eta erdira, eta Iker Sarriegi hiru urtera. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo, berriz, absolbitu egin ditu —Zelarainen akusazioak urrian erretiratu zituen fiskalak—. Defentsa abokatuek iragarria dute helegitea aurkeztuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean, auzian zehar hainbat eskubide eta printzipio urratu direlakoan.

Eragileek ere adierazi dute auzia «krudelkeria kate luze bat» izan dela auzipetuentzat zein haien gertukoentzat, baina erantsi dute zigorra ez dela haiengana mugatzen: «Bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua egin duen euskal gizarte osoa ere zigortzea du helburu. Guk argi dugu nolako Euskal Herria nahi dugun, baina Auzitegi Nazionalak kontrako bidea hartzea erabaki du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.