Lortu dute. Heldu den asteazkenean bilduko dira Seaskako arduradunak Bordeleko akademia ikuskariarekin. Guraso eta irakasle talde batek akademia ikuskaritzaren egoitzak okupatu ditu ostegun arratsaldean, Donapaleun (Nafarroa Behera), Donibane Lohizunen eta Baionan, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde. Errektorearekin bilkura lortu nahian ari zen Seaska azken asteetan, bere esku delako aurtengo brebetan eta baxoan probak euskaraz egin ahal izatea. Bilkura bat lortu arte okupazioekin segitzeko borondatea agertu dute, eta gaua bertan pasatzeko prestatzen ari ziren. Azkenean, bilkura bat antolatzea lortu dute, eta okupazioa bertan behera uztea erabaki dute.
Joan den astean Parisen zen Jorajuria, eta azterketen gaia mahaigaineratu zuen, baina ez zuen erantzunik jaso. "Hitzordurik gabe ez gara mugituko" @berriapic.twitter.com/HK3NTvAT27
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) April 7, 2022
Seaskako ikasleen aldarrikapen historikoa da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea, eta azken urteetan indartuz joan da. 2018tik kolegioko ikasleek euskaraz erantzuten dute brebetako zientzietako proba, eta, joan den urtean, lizeoko ikasle batzuek ere baxoko proba euskaraz pasatzea erabaki zuten.
Irakasleek ere bat egin zuten desobedientzia ekintzarekin, eta jakinarazi zuten ikasleen eskubidea errespetatu ezean uko eginen ziotela azterketak zuzentzeari. Zuzenketa garaia iritsi zenean, Donapaleuko (Nafarroa Behera) zuzenketa zentroa okupatu zuten ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Joan den otsailean jaso zuten Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzuna, errektorearen ahotik: soldata zati bat kendu diete irakasle desobedienteei.
Abenduan argitaratu zuen Frantziako Hezkuntza ministerioak hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruzko zirkularra. Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac Legea zentsuratu ondotik Frantziako Gobernuak egoera baretzeko eman zuen aterabidea izan zen. Idatzian, brebetan eta baxoan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen dute, baina, ordutik, neurria aplikatzeari uko egin dio Bordeleko errektoretzak. Seaskak behin eta berriz eskatu dio bilkura bat errektoretzari, baina, gaur-gaurkoz, ez dute erantzunik jaso. Horregatik egin dute gaurko ekintza.
Lehengo astean, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzara sartu ziren kolegioko eta lizeoko ikasleak, errektorea EEPren biltzar nagusira agertzekoa zelakoan. Errektorea ez zen azaldu, baina azterketak euskaraz egitearen aldeko aldarria ozen entzunarazi zuten.