Gunetuz sortu dute, psikologo euskaldunen ataria

Psikologo euskaldunen topagune izan nahi du webguneak, baina beste hainbat baliabide ere eskainiko ditu; ikastaroak, informazioa eta eztabaida guneak, besteak beste.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean aurkeztu dute proiektua. JON URBE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 7a
12:41
Entzun

«Psikologo euskaldunek aspalditik amesten genuen proiektua sortu da». Horrela aurkeztu du Luixa Reizabal irakasle, ikertzaile eta UEUko psikologia sailburuak Gunetuz proiektua. «Psikologiarekin edo lotutako beste diziplinetan lanean diharduten profesional, ikasle zein erabiltzaileen bilgunea» izateko asmoa daukan webgune bat da Gunetuz; hori bai, euskara hutsean.

Gaur aurkeztu dute proiektua, Reizabalekin batera, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Eneko Mendiluze UEUko Psikologia sailburuak, Ana Novoa psikologoak eta Nour Hajem psikologia ikasleak. Eta eguna ere apropos aukeratu dute: Osasunaren Nazioarteko Egunean ezagutarazteko hautua egin dute, «hilabete luzez» proiektuan lanean ibili badira ere. «Euskaraz eta euskalduna izango da, euskara hutsean izango baita eta bertan euskaldunok hartuko dugulako parte», azaldu du Mendiluzek. Webguneak psikologo, aditu eta euskaldunentzat «erreferentziazko euskarria» izatea nahi dute antolatzaileek.

Novoak, berriz, webgunearen atalak aurkeztu ditu eta horietako bakoitzaren funtzioa zehaztu du; funtsean, sei ataletan banatu dute ataria. Foroa, batetik, «psikologo euskaldunen topagunea» izatea nahi dute, eta bi zatitan banatzen da: Hitz eta pitz eztabaidatzeko gunea, eta Elkar ikusten, ikastaroak eta formakuntza jasotzeko atala.

Psikologiari lotutako albisteek ere beste atal bat izango dute, eta psikologia euskararekin lotzen duten lan eskaintzetarako ere izango da lekua Eskaintzak atalean. Bestalde, baliabideak eta informazio gehigarria eskaintzen duten hiru atal izango ditu atariak: Psikologia, Baliabideak, eta Parekidetasuna. Azken horren garrantzia ere nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek; azaldu dutenez, funtsezkotzat dute psikologian genero aldagaia txertatzea.

Ibilbide luzeko proiektua

Reizabalek azaldu duenez, aspalditik dator halako proiektu bat sortzeko beharra. Zehazki, 2019an UEUren Udako Ikastaroen barruan egin zen Psikologo euskaldunen III. Topaketa aipatu du; bertan agerian geratu zen «ezinbestekoa» zela psikologia zein euskararen arteko sarea osatzea: «premiazkotzat hartu genuen psikologia euskalduna egiten ari garenon lana bistaratu eta partekatzea; hauspotzea, azken batean. Zorionez, behar horiei guztiei erantzuteko tresna sortu da gaur». Hajemek ere webguneak ikasleentzat daukan garrantzia nabarmendu du: «Elkargune honi esker psikologo gisa asko ikasiko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.