EAEko Hezkuntza Legea

Eusko Legebiltzarrak hezkuntza akordioa onartu du

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUren botoekin onetsi dute testua. PP+C's-k eta Voxek aurka bozkatu dute.

Jokin Bildarratz eserita eta Miren Gorrotxategi zutik, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO, FOKU
Edurne Begiristain-Irati Urdalleta Lete
2022ko apirilaren 7a
12:07
Entzun

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak behin betiko onetsi du hezkuntza akordioa. Osoko bilkuran onartu dute testua, eta adostasun oso zabalarekin egin du aurrera: legebiltzar taldeen %90ek babestu dute. Hain zuzen ere, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk alde bozkatu dute (75 eserlekuetatik 68). PP+Cs-ek eta Voxek kontrako botoa eman dute.

1993tik indarrean den legea eguneratu beharko dute hemendik aurrera. Eusko Jaurlaritzarena izango da ardura, haren esku baitago gaur onartutako oinarriak aintzat hartuta EAEko Hezkuntza lege egitasmoa ontzea. Udazkenean ekingo dio lan horri. Hezkuntza akordioaren alde egin duten lau alderdiek azpimarratu dute gaurko akordioa ez dela helmuga, abiapuntua baizik, eta akordioa lortu izana goraipatu dute. Eskola publikoa «indartzeko» eta segregazioa amaitzeko balioko duela azpimarratu dute, halaber. Hizkuntzari dagokionez, berriz, akordioak jasotakoari buruzko interpretazio ezberdinak egin dituzte. Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak esan du euskalduntzean «jauzi» bat izango dela. PSE-EEko Eneko Anduezak, ostera, hiru eleko sistemarako baliagarria izango dela defendatu du.

Ikusi gehiago:Hezkuntza akordioaren aurka protesta egin dute Eusko Legebiltzarraren atarian

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bozketaren ostean azaldu du Jaurlaritzak mandatu bat jaso duela eta «erantzukizun eta ilusio handiz» hartzen duela legea ontzeko ardura. «Parlamentuak lezio bat eman digu guztioi. Hezkuntza jarri du herri honen etorkizuneko politika nagusitzat», adierazi du. Legeari dagokionez, adierazi du ikaslea izango dela ardatz nagusia eta aurtengo urrian aurkezten saiatuko direla. «Testuarekiko leialak izango gara», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.