Beste bost euskal preso Euskal Herriratuko dituzte

Alvaro Arri Paskual, Juan Luis Agirre, Mikel Azurmendi, Jose Luis Barrios eta Iban Apaolaza dira Euskal Herrira ekarriko dituzten euskal presoak. Paskuali hirugarren gradua ere onartu diote.

Sakabanaketaren kontrako protesta bat. JUANAN RUIZ / FOKU
2022ko apirilaren 6a
16:42
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak beste bost euskal preso Euskal Herriratzea onartu dute: Alvaro Arri Pascual, Juan Luis Agirre, Mikel Azurmendi, Jose Luis Barrios eta Iban Apaolaza dira Euskal Herrira ekarriko dituztenak. Beste hiru preso, berriz, Iruñeko kartzelatik Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoetara mugituko dituzte: Jon Gonzalez, Idoia Mendizabal eta Garikoitz Arruarte dira lekualdatuko dituztenak.

Nora, zehaztu gabe

Alvaro Arri Pascual Burgosko espetxetik Euskal Herriratuko dute. Hemeretzi urte daramatza kartzelan, eta 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hirugarren gradua onartu diote, eta Euskal Herriko kartzela batera ekarriko dute; ez dute zehaztu nora. Juan Luis Agirrek abuztuan beteko ditu 20 urte kartzelan, eta hiru laurdenak 2020an bete zituen. Soriako espetxetik Euskal Herriratuko dute. Mikel Azurmendi euskal presoa Duesoko kartzelatik Euskal Herriratuko dute. Agirre eta Azurmendi nora ekarriko dituzten ez dute zehaztu; Jose Luis Barrios Martin, berriz, Zuerakotik Iruñera ekarriko dute. 1998tik dago preso. Iban Apaolaza 2008tik dago preso, eta 35 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Logroñotik Euskal Herriko kartzela batera ekarriko dutela jakinarazi dute.

Lekualdatuko dituztenak zein kartzelatara mugituko dituzten ere zehazteko dago. Garikoitz Arruarte 2003tik dago preso, eta hogei urteko zigorra dauka; Iruñeko kartzelatik Euskal Herriko beste batera lekualdatuko dute. Jon Gonzalez Gonzalez Iruñeko kartzelatik lekualdatuko dute, Euskal Herriko beste batera. Idoia Mendizabal Mujika 2010ean atxilotu zuten, eta 25 urteko kartzela zigorra dauka. Iruñeko kartzelatik lekualdatuko dute hura ere; ez dute zehaztu nora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.