Udal politika

Udalgintzaren balioak aldarrikatu ditu Eudelek 40. urteurrenean

1982ko maiatzaren 8an sortu zen Gernikako Batzar Etxean. Gaur, Gasteizko Europa jauregian, aitzindariak omendu dituzte, eta lau hamarkadatako bide horretan «ilusio handiagorekin» segitzeko konpromisoa adierazi du Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak

Eudelen familia argazkia, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
joxerra senar
2022ko apirilaren 6a
13:50
Entzun

«Herrialdearen arkitektura instituzionalean giltzarria da Eudel». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 251 udalerrietako 2.644 hautetsi eta alkateen lana eta haiek ordekatzen dituzten balioak goraipatu ditu Gorka Urtaran Eudeleko egungo presidenteak Gasteizko Europa jauregian egindako omenaldi instituzionalean. Haren esanetan, 40 urteko bidean, «hirugarren belaunaldia da honako hau» eta aurrekoen bidetik segitzeko «ilusio handiagoz» segitzeko asmoa adierazi du: «Udalgintzarekin konprometitutako pertsonak gara, oinordetza hori jaso dugu».

1982ko maiatzaren 8an, Gernikako Batzar Etxean sortu zen Eudel, Hego Euskal Herriko hainbat udalen babesarekin: hala nola Amurrio, Aramaio, Gernika, Basauri, Igorre, Aretxabaleta, Azpeitia edo Arrasate. Nafarroako hiru udal ere izan ziren sorrerako elkarte hartan —Baztan, Etxarri Aranatz eta Arantza—. Hiru urte lehenago, 1979ko apirilaren hasieran egin ziren lehen udal hauteskundeak, eta orduan izendatutako 144 udalerrik bat egin zuten erakunde sortu berriarekin 1982an. Iñaki Oregi Zuiako alkatea izan zen erakundeko lehen presidentea.

Omenaldian gogoratu dutenez, hasiera ez zen batere erraza izan. Oraindik administrazioaren egitura altxatzeko zegoela, krisi ekonomiko gordinaren testuinguruan, udalek finantzaketa apala zutela gogorarazi du bideo batean Jose Maria Gonzalezek, Muskizko alkate eta, 1989tik, hamar urtez Eudeleko presidente izandakoak. «Dena egiteko zegoen». Mugarrien artean jarri du udalek ordezkaritza izatea Finantzen Euskal Kontseiluan.

40 urtetan beste hainbat mugarri gogoratu dituzte. Adibidez, 1990ean klimaren aldeko alkateen ituna izenpetu zen, eta, bi urte geroago, 1992an, Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluan sartu zen Eudel; 2001ean, euskararen sustapenerako akordioa izenpetu zen, eta, urtebete geroago, 2002an, demokraziaren defentsarako aitortza zibikoa sinatu zuen Eudelek. Azpimarratu dituzte, beste mugarri batzuen artean, 2006an berdintasunaren aldeko udalen sarea eratzea edo udal arloko langileen baldintzak finkatzeko Udalhitz izenpetzea; 2013an, Basqueskola emakume hautetsien aliantza, eta, 2016ean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea behin betiko onartzea.

Atzera begirako horretan, Eudeleko presidente izandakoak omendu nahi izan dituzte halaber, Iñaki Oregi lehen presidentetik hasita azken lekukoa hartu duen Gorka Urtaranenganaino. Iñaki Gonzalez eskultoreak egindako makila bat oparitu diote presidente bakoitzari, euskal makila udalgintzaren sinbolo delako. Oregi hilda dagoenez, haren seme Jose Ignacio Oregik hartu du oparia. Makila hori hartu dute, halaber, Jose Maria Gorordo Bilboko alkate izandakoak, Jose Mari Gonzalez Muskizko alkate ohiak, Karmelo Sainz de La Maza Leioako alkate ohiak, Jokin Bildarratz Tolosako alkate ohiak, Ibone Bengeoetxea Bilboko alkateorde ohiak eta Imanol Landa Getxoko alkate ohiak.

Gertutasuna, sendotasun

Dena den, egungo erronkez eta beharrez ere hitz egin dute ekitaldian. Lehenik, Gorka Urtaranek nabarmendu du konpromisoa, kontsentsua eta lankidetza direla udalen aktiborik garrantzitsuenak. «Konpromisoa eta akordioa beharrezkoak dira elkarlana eraginkorra izan dadin, eta horrek eskatzen du inplikatutako eragile guztien arteko elkarlana ere». Hala, etorkizuneko ingurumen arloko zein eraldaketa sozialeko erronkei dagokienez, udalek ere zeresana dutela nabarmendu du Urtaranek: «Herritarrekiko gertutasuna da gure sendotasuna. Udalerrietan gertatzen da guztia».

Horri begira, herritarren eta erakundeen arteko nolabaiteko urruntasuna bizi den garaiotan, Urtaranek nabarmendu du konfiantza hori ez dela galdu behar eta hor zeresan handia dutela udalek. Ziurgabetasun handiko garaia izanik, azpimarratu du pandemiak zein Ukrainako inbasioak agerian utzi dutela iraganean erdietsitako konkista sozialak ez direla betirako, eta horiei eusteko eginkizuna duela euskal gizarteak.

Emile Durkheim soziologiaren bultzatzaileetako batek gizartearen eta komunitatearen artean egin zuen aldaketari erreparatu dio Urtaranek. Hark zioenez, kolektiboan elkar bizitzeko modu bat da gizartea, eta, batik bat, arauekiko eta legeekiko errespetuan oinarritzen da elkarbizitza; haatik, komunitatean, ehun soziala trinkoagoa da, balioetan eta alor emozionalean oinarritzen delako harremanen funtsa. Urtaranek euskal gizartearen komunitate izaerari dei egin dio, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. «Euskal udalgintzari dei egiten diot, Euskadiren kohesio emozionalaren motorra delako».

Agiria eta hiru ardatzak

Era berean, Eudeleko ordezkariek agiri bateratu bat irakurri dute egungo egoerari zein etorkizunari begira elkartearen hiru ardatz nagusiak nabarmenduz: pertsonak, ahotsa eta aliantzak. Batetik, nabarmendu dute pertsonak direla udalgintzaren ardatz nagusi, bai zerbitzuak eskaintzeko, bai eta herritarren beharrizanei erantzuteko. Udaletatik bultzatu beharreko politiken artean, nabarmendu dituzte euskara, berdintasuna, segurtasuna, enplegua, ingurumena, eraldaketa digitala eta zerbitzu soziala. Agiri horretan, Eudeleko emakume aitzindariak zein udaleko langileak aitortu nahi izan dituzte.

Bigarrenik, goraipatu dute «giza harremanak ehuntzen diren espazioa» dela udal politika eta real politik edo errealitate politikoaren adibiderik argigarriena ordezkatzen dutela. «Ahots batean bildutako eta sentsibilitate desberdineko elkarte anizkuna gara, gure mezua erakundeei eta gizarteari helarazteko helburua duena. Joan-etorriko ahotsa gara, batzeko asmoz eta ez elkarren artean lehiatzeko», laburbildu dute.

Azkenik, aliantzaren beharra aipatu dute, «helburu handiak lortzeko modu bakarra» delako. «Gaur inoiz baino gehiago aliantza horren aldeko apustua egin behar dugu», adierazi dute, irakurritako agirian, eta eragileekin zein beste erakundeekin aliantza bateratuaren beharra adierazi. Besteak beste, elkarlan horren barruan kokatu dute Jaurlaritzak bultzatutako 2030 Agendarekin bat egin izana Eudelek, eta konpromiso horrekiko garrantzia azpimarratu dute.

Ekitaldian, Marlene Simeon Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluko ordezkariak parte hartu du. Europako tokiko erakundeen eta eskualdeetako gobernuen batzorde horrek 70 urte bete zituen iaz, eta Simeonek zoriondu egin du Eudel 40 urteotan egindako ekarpenagatik.

Minutu bateko isilunea

Azken hitzak Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarenak izan dira. Hizlari gehienen ahotan izan zen une oro Ukrainako gerra, eta Urkulluk gogoan izan zuen nola bezperan Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Gernikako bonbardaketarekin alderatu zuen herrialdean gertatutakoa. «Atzo, Durango eta Gernika izan ziren. Ondoren, beste batzuk: Lovaina, Varsovia, Hiroshima, Coventry, Dresde, Grozni, Sarajevo, Beirut, Aleppo. Gaur, Mariupol, Ukraina da». Minutu bateko isilunea eskatu du.

Urkulluk bere hitzaldian udalen gertutasuna goraipatu du, baita Eudelek 40 urteotan egin duen ibilbidea. Azpimarra berezia jarri du ETAren indarkeria jasan zuten hautetsiekiko aitortzan. «Urteurren hau haientzako omenaldi bat da, batik bat ondasunik preziatuena, bizitza, galdu zutenentzat. Duintasunaren eta konpromisoaren adibidea elkarbizitzarako ondare da, eta beti izango dugu hori gogoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.