Atxiloketak

Aske dira goizean Lapurdin atxiloturiko lau gazteak

«Margoketa eta andeatze nazionalistak» leporatzen dizkiete, Jerome Bourrier Baionako prokuradorearen arabera. Elkarretaratzeak egin dituzte Hazparnen eta Itsasun, atxiloketak salatzeko.

Baionako komisaldegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
2022ko apirilaren 6a
10:12
Entzun

Aske dira Frantziako Poliziak Lapurdin atxiloturiko lau gazteak. Gaur goizean atzeman dituzte: horietako bi anaiak dira, eta Hazparnen atxilotu dituzte; hirugarrena, Itsasun, eta, Sud Ouest egunkariaren arabera, Bordelen (Frantzia) atxilotu dute laugarrena. Pauera eta Bordelera eraman dituzte, baina ilunabarrean libre utzi dituzte.

Itsasun eta Hazparnen elkarretaratzeak egin dituzte gaur arratsean atxiloketak salatzeko. Itsasun jende andana batu da, eta manifestazioa egin dute herriko karriketan barna.

Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak goizean BERRIAri baieztatu dio lau gazteen atxiloketa. Haren arabera, Paueko Polizia zerbitzuen esku dago ikerketa, eta «margoketa eta andeatze nazionalistak» egitea leporatzen diete. Ez du informazio gehiagorik eman. Sud Ouest egunkariaren arabera, iazko azaroan abiatutako ikerketa baten ondorioa da, eta azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko etxe agentzien gainean eginak izan diren pintaketekin lotzen dituzte.

Xuti gazte dinamika berriak atxiloketak salatu ditu: «Euskal Herrian lan egin eta bizi nahi duten militante gazteen kontra jotzen du Frantziako Estatuak. Gazteriaren arazoei ezin zaie errepresioarekin erantzun». Ipar Euskal Herriko GKSk ere salatu ditu gertakariak, eta gaur arratseko mobilizazioetan parte hartzera deitu du. EH Baik «sostengu osoa» adierazi die atxilotutako lau gazteei, eta berehala aske gera daitezela eskatu du: «Frantziako Estatuak iraganeko errezetekin segitzen du. Gehiengoaren aldarrikapenak ukatzen ditu, eta errepresioa eta gazteriaren kriminalizazioaren parioa egiten du».

Eguerdian elkarretaratzea egin dute Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek. Atxilotuetako bat lizeoko irakaslea da.

Ipar Euskal Herriko AEK-ko zuzendaritzak ere ohar bat bidali du, AEK-ko langile den atxilotuetako bati eta haren senitartekoei «elkartasun eta adiskidetasun mezua» helarazteko: «Euskal herritar gisa, gure kezka adierazi nahi dugu urteetako gatazka bortitza gainditzeko bidean Espainiako eta Frantziako Estatuek erakusten duten jarrera ezkor eta oztopatzaileari buruz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.