Zer garrantzi daukate kirolek nazioarteko harremanetan? Diplomaziarako zer esparru zabaltzen du kirolak Euskal Herrian? Nola kokatzen da Euskal Herria munduan kirolaren bidez? Galdera horiei erantzunak bilatuko dizkiote ostegunean, Donostia Kulturak nazioarteko eragile batzuekin batera antolatu duen online bidezko jardunaldi batean. Nazioarteko aditu ugarik mintzagai izango dute kirol diplomazia kontzeptua, eta nazioarteko nahiz Euskal Herriko esperientzia batzuk aztertuko dituzte.
Iaz, Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan, diplomazia publikoaren inguruko nazioarteko kongresu bat egin zuten, eta, abenduan diplomazia gastronomikoari buruzko saio bat egin ondoren, gaiari segida emango diote ostegunean, kirolak nazioarteko harremanetan ematen dituen abaguneez gogoetatzeko. Diplomazia publikoa esparru «nahiko berria» baita, «hazten ari dena», Imanol Galdos antolatzaile eta Donostia Kulturako zuzendaritzaren laguntzarako teknikariaren arabera: «Blokeo jokalekuetarako, oraindik esploratu gabeko esparru berri bat da».
Diplomazia hitza aipatzen denean, burura dator «ikuspegi klasikoa», Galdosen hitzetan: estatuena. «Egon daiteke eztabaidarik: estaturik gabeko diplomaziarik ez dagoela, guk herri gisa ez dugulako diplomaziarik, eskola diplomatikorik. Ni horrekin ez nago ados». Izan ere, «egoera berriak sortzen» direla uste du, eta horiek baliatu behar direla: «Nazioarteko harremanetan eragile asko dago, ez da derrigorrez estatuen edo gobernuen artekoa izan behar. Eta gure herrian ere beste modu bateko harremanak sortzen dira. Posible eta beharrezkoa da dauden aukerak baliatzea».
Munduratzeko tresna
Zergatik erreparatu kirolak ematen dituen aukerei, ordea? Garbi dauka Galdosek: «Baten batek pentsa dezake: kirola elementu ludikoa da. Ez dago zalantzarik kirolak herri baten eraikuntzan daukan pisua; eta nazioarteratzean ere, zalantzan jarriko nuke pareko tresnarik badagoen». Hortaz, helburu gisa jarri dute, jardunaldiaren bidez, kirol diplomazia kontzeptua bera ezagutaraztea, iritzita Euskal Herrian ez dela ezaguna, nahiz eta «egon, badagoen».
Ildo horretan, gogora dakar Juan Ignazio Zulaikak zesta-punta jartzen duela kirol batek nazio baten proiekzioan izan dezakeen eraginaren adibide gisa: «Ez gara ohartzen gure herriaren markan duen pisuaz. Ez gara kontziente izan». Horregatik, saioaren bidez nahi dute «kirol diplomaziaren oinarriak jartzea Euskal Herrian; modu pedagogikoan zer den azaltzea, adieraztea badaudela elementuak euskal diplomaziaren estrategia baterako».
Egitaraua
Jardunaldia ostegun arratsaldean egingo dute, 17:00etatik aurrera; online izango da, ingelesez, eta bi bloketan zatitu dute egitaraua; kirol diplomaziaz eta nazioarteko adibideez jardungo dute lehenbizikoan, eta Euskal Herriari erreparatuko diote bigarrenean. Hauek izango dira hizlariak:
Stuart Murray. Zer da kirol diplomazia? Nazioarteko teoria eta praktika onenei errepasoa.
Emily Ronek. AEBetako kirol diplomazioaren perspektibak.
Gavin Price. Kirol diplomazia nazio txikietan.
Carole Gomez. EBko kirol diplomazia baterantz.
Sarah Kelly. Emakumeak eta kirol diplomazia.
Verity Postlethwaite. Ezgaitasuna eta kirol diplomazia.
Orbea. Euskal kirol teknologiaren sektorea, Orbearen historian zehar.
Sean Young. Euskal kostaldea eta bere kirol teknologia, Wavegarden enpresaren historian zehar.
Elin Haf Davies. Arraun diplomazia: ikerketa ahalbidetzea eta haurrak ahalduntzea.
Mariann Vaczi. Euskal kirolak: hurbilpen bat ikuspegi akademikotik.
Kayleigh Karinen, Juan Inazio Zulaika, Edurne Pasaban, Clara Azurmendi eta Roberto Olabe. Euskal Diplomatuak Txandalean: Zer esan nahi du euskal kirola mundu mailan irudikatzea edo ikastea?