EUSKAL PRESOAK

Epaiketaren zain, libre gelditu da Nekane Txapartegi

Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu du bere burua, Iñigo Iruin abokatuaren laguntzaz.

Iñigo Iruin abokatua eta Nekane Txapartegi, Madrilen. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2022ko apirilaren 5a
12:55
Entzun

Hamabortz urteren ondotik libre da Nekane Txapartegi, eta Euskal Herrian bizitzeko moduan. Suitzan bizi izan den euskal herritarra Espainiako Auzitegi Nazionalera joan da gaur eguerdian, Iñigo Iruin abokatuaz lagunduta, eta han jakinarazi diote dokumentuak faltsutzea baino ez diotela leporatuko. Ez diote kautelazko neurririk jarri.

Aurrez kudeaketak eginak zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalarekin, eta auzitegiak bertan behera utziak zituen haren aurkako estradizio eta atxilotze aginduak. Epaiketaren zain geldituko da orain, eta Madrilen epaituko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalean; baina ez dute jada ETArekin lotuko. Iruinek BERRIAri azaldu dio ustez dokumentuak faltsutzearen delitua Espainiako Estatutik kanpo egin zuelako izanen duela epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ez dute datarik jakinarazi.

Goiza Madrilen pasatu ondotik, Euskal Herrira bidean da Txapartegi orain.

Torturaren itzala

18/98 auziaren harira atxilotu zuten Nekane Txapartegi, 1999an, Tolosan (Gipuzkoa), Xaki piezaren barnean, eta atxilotu zutenean torturatu egin zutela salatu zuen —bertzeak bertze, azaldu zuen inkomunikazioan bortxatu egin zutela—. Espainiako Auzitegi Nazionalak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion 2007ko abenduan, ETAko kide izatea leporatuta, eta, Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarrita, azkenean sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten 2009ko maiatzean, ETA laguntzeaz akusatuta.

2017ko irailean zigor hori preskribatzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea. Izan ere, 2015ean Espainiako Zigor Kodean egindako aldaketa bat baliatuta, Auzitegi Gorenaren 2009ko epaia berrikusteko eskatu zuen defentsak: Gorenak, onartu, eta hiru urte eta sei hilabetera jaitsi zion zigorra 2017ko otsailean. 2017ko irailean onartu zuen Auzitegi Nazionalak azkenik zigorraren preskripzioa, epaia irmo egin zenetik denbora anitz pasatu zela eta sententzia oraindik betearazi gabe zegoela kontuan hartuta.

Euskal Herrira itzuli ezinda segitzen zuen Txapartegik, halere. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak bertze auzi batekin lotua zuen ordurako, 2016ko apirilean Zurichen atxilotu zutenenean bi nortasun agiri faltsu atzeman baitzizkion Poliziak. Ikerketak ondorioztatu zuen nortasun agiri horiek ETAk egindakoak zirela, ETAk aginduta joan zela Txapartegi Suitzara, eta, beraz, Auzitegi Nazionalak leporatu nahi izan zion «ETAko kide izaten jarraitzen» zuela.

2019ko maiatzean Bernako auzitegi batera joan behar izan zuen Txapartegik, auzi horrekin lotuta deklaratzera. Uko egin zion deklaratzeari, eta Free Nekane taldeak jakinarazi zuen Espainiak estradizio eskari bat aurkezteko asmoa zuela. Madrilek bertze estradizio eskaera bat egin zuen ondotik, irailean. Horiek denak bertan behera gelditu dira orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.