EUSKAL PRESOAK

Bueltan da Lasterbidean, presoen aldeko elkartasun lasterketa

2020ko maiatzean zuten egitekoa, Kanpezun, baina pandemiaren ondorioz gibelatu zuten. Maiatzaren 28an eginen dute, Arabako herrian. Lasterketa luzeak 9,2 kilometro izanen ditu.

Antolatzaileak, gaur, Kanpezun. LASTERBIDEAN
maddi ane txoperena iribarren
2022ko apirilaren 5a
11:55
Entzun

Pandemiak bertan behera utzi zituen ekitaldien artean zegoen Lasterbidean euskal presoen eskubideen aldeko elkartasun lasterketa, eta aurten egin eginen dutela jakinarazi du Etxerat euskal presoen senideen elkarteak. Kanpezun izanen da lasterketa (Araba), maiatzaren 28an, eta gaur aurkeztu dute egitaraua, herri berean.

Antolatzaileek jakinarazi dute «gogotsu» daudela lasterketa prestatzeko lanetan: «Momentu hunkigarria bezain alaia izan da denak berriz elkartzea», erran dute gaur Kanpezun egin duten agerraldian. Azaldu dute 2020an utzi zuten lekuan berrartu dutela antolaketa, baina berritasun batzuk izanen dituela. Igandez beharrean larunbatez eginen dute, batetik; eta gaueko egitaraua ere prestatu dute, bertzetik: Zaunka, Sakamantekas, Erroka eta DJ Bullek girotuko dute gaua.

Bi lasterketa eginen dituzte, luzea eta laburra, eta luzea «inoizko luzeena» izanen dela jakinarazi dute: 9,2 kilometrokoa. Laburrak 3,2 kilometro izanen ditu. Goizetik hasiko dute egitaraua, zumba beroketa kolektiboarekin; segidan lasterketa luzea eginen dute, ondotik laburra; eta sari banaketak, ekitaldiak eta herri bazkariak jarraituko diote egunari. Umeen txokoa ere eskainiko dute, pilota partida izanen da arratsaldean, eta, azkenik, kontzertuak.

Salatzekoa, «oraindik»

Antolatzaileen ustez, euskal presoen egoera «bereziki» aldatu da azken urteotan, hurbiltze, Euskal Herriratze eta gradu aldaketen ondorioz, baina badira salatzeko egoerak, «oraindik»: «Azken errepresaliatua etxeratu arte egongo da zer egin». Lasterketako izen emateak zabalik dauzkate abendutik, eta bazkariko txartelak Kanpezun, Gasteizen, Korresen (Araba) eta Lizarran (Nafarroa) jarri dituzte salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.