Aragoi, Arga, Aturri, Bidasoa, Urumea. Euskal Herriko bost ibai aztertu ditu Europako Batasuneko ikerketa egitasmo batek, eta guztietan topatu dituzte antibiotikoak, tartean amoxizilina, azitromizina, sulfadiazina, enrofloxazina eta trimetoprima.
Batez ere herri eta hiri handien inguruan topatu dituzte botika horien zantzuak, baina baita abere etxalde handietatik gertu ere. Kontzentrazio handienak Ebroren arroko ibaietan aurkitu dituzte, zerri eta hegazti haztegietan, esaterako.
Produktuok naturan egotea arriskutsua da, bakterio erresistenteak sortzen laguntzen duelako. Osasun agintariek urteak daramate ohartarazten gero eta erresistentzia handiagoa dutela bakterioek, eta horren eraginez pertsona asko hiltzen ari dira, antibiotiko askok ez dutelako lehen bezalako eragina. Osasunaren Mundu Erakundeak mundu mailako arriskutzat izendatu du bakterioen erresistentzia. Hainbat ikerketak kalkulatu dutenez, bakarrik Europan, gutxienez 25.000 lagun hiltzen dira urtero antibiotikoei erresistentzia dieten infekzioen eraginez, eta 1.500 milioi euro galtzen dira kostu zuzenetan (tratamenduetan) eta zeharkakoetan (produktibitatearen galeran).
Nafarroako Tokiko Azpiegiturak (NILSA) erakunde publikoko ikertzaile Jairo Gomez Muñozek eman du ikerketaren emaitzen berri. Erakunde hori arduratzen da ur araztegien sareaz. Gomezek Europako Batasuneko POCTEFA EFA183/16 Outobiotics egitasmoan parte hartu du. Nafarroako Unibertsitateaz eta NILSAz gain, ikerketan aritu dira Zaragozako Unibertsitatea (Espainia), Lleidako Unibertsitatea (Katalunia) eta Paueko Zientzia Analitikoen Institutua (Okzitania).
Pirinioetako 16 ibai aztertu dituzte denera; Euskal Herrikoez gain, Espainiakoak, Kataluniakoak eta Andorrakoak. Guztietan topatu dituzte antibiotikoak. Ikertzaileak azaldu duenaren arabera, hilabete luzez aritu dira ibai arroak aztertzen.
Ikerketak hiru helburu ditu: egoera diagnostikatzea, kutsagarriak murriztea, eta, azkenean, isuriak gelditzea. Horretarako funtsezkotzat jo du abeltzaintzan lan egitea, antibiotikoak gutxitzeko.
«Gero eta lehenago hasi, orduan eta txikiagoa izango da kaltea, eta arriskua murriztuko da», idatzi du ikertzaileak.
Izan ere, emaitzak oso argiak direla ohartarazi du. Ibai guztietako lagin guztietan topatu dituzte antibiotikoak. Halere, topaturikoak sendagarrion «zantzuak» direla zehaztu du. Laginetan, gainera, gutxienez antibiotiko familia baten aurka erresistentzia garatu duten bakterioak topatu dituzte.
Konponbideak
Egoera aztertzeaz gain, konponbide multzo bat proposatu dute ikertzaileek. Animalien pentsuari gehitu dakizkiokeen nanomaterialak aztertu dituzte. Antibiotikoen eragina handitu egiten dute, ikertzaileen arabera, eta, ondorioz, gutxiago erabili behar da.
Horrez gain, ura garbitzeko hiru teknologia aztertu dituzte, bai laborategian, baita eskala industrialean ere: oxidazioa, xurgatzea eta fotokatalisia. Hainbat gai kimiko erabili dituzte antibiotikoak uretatik kentzeko.
Ikertzailearen arabera, teknika horiek eraginkorrak direla frogatu dute. «Teknologia hau eraman daiteke kutsadura iturrietara, erietxeetara, botikagintza enpresetara eta hiltegietara, kasurako; bakoitzaren egoerara moldatuta». Izan ere, ikertzaileek ondorioztatu dute merkeagoa izango dela kutsadura sorguneetan tratatzea, gero araztegietan baino, han kutsadura askoz kontzentratuagoa dagoelako, eta askoz ur bolumen txikiagoa tratatu behar delako.
Ikertzen jarraitzeko dei egin du Gomezek. «Mundu garbiagoa eta seguruagoa merezi dugu, klima aldetik, osasunaren aldetik eta gizakion segurtasunari begira, eta uste dut ikerketa honek lagundu duela horretan».