EUSKAL PRESOAK

Hiru euskal preso Espainiaratu nahi dituzte, «gizateriaren aurkako krimenak» leporatuta

Auzitegi Nazionalak fiskalari eskatu dio Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera eta Aitzol Iriondo Espainiaratzeko, ETAk 2004tik eginiko atentatuei lotuta. Frantziak onartua du jada Aspiazu Espainiaratzea, bertze auzi batengatik epaitzeko.

Garikoitz Aspiazu euskal presoa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2019an. ZIPI / EFE
2022ko apirilaren 4a
13:26
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak aitzinera egin nahi du, ETAk 2004tik egindako atentatuengatik «gizateriaren aurkako krimena» leporatuta hainbat euskal presoren aurka hasitako auzibidea, eta, horrekin lotuta, Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera eta Aitzol Iriondo euskal presoak Espainiaratzeko eskatzea aztertzen ari da. Lannemezango kartzelan daude gaur egun hiru euskal presoak (Okzitania).

Ikusi gehiago:Espetxeetako salbuespena amaitzeko eskatu du Etxerat elkarteak

Auzitegiak ez dio oraindik Frantziari hiru euskal presoak Espainiaratzeko eskatu, baina fiskaltzari egina dio galdera. Halaber, Espainiako Auzitegi Nazionaleko bigarren zigor salak, joan den asteazkenean ateratako auto batean, jakinarazi zuen Frantziak baimena emana duela Aspiazu bertze auzi batengatik Espainiaratzeko. Abuztuaren 20tik urriaren 20ra eramanen dute Aspiazu Madrilera, 2005ean Bilbon bonba-auto bat leherraraztea leporatuta epaitzeko.

Ikusi gehiago:Aske utzi dute Josu Ginea euskal presoa

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio Epaitegi Zentraleko Juan Pablo Gonzalez magistratuak abiatu zuen Frantziako kartzeletan dauden hiru euskal preso horien eta Josu Urrutikoetxearen aurkako auzibidea, 2015ean, hainbat biktima elkartek eskatuta. Aitor Elizaran euskal preso ohia ere auzibidean sartu zuen hasieran, baina haren kausa artxibatu egin zuten azkenean. 2018an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak erabaki zuen Aspiazu, Karrera eta Iriondo auzipetzea —Urrutikoetxea orduan bilatze eta atxilotze agindupean zegoen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.