22. Korrika

Milaka herritarren bultzada jaso du Korrikak Erriberan

Lekukoa Nafarroa hegoaldean zehar dabil gaur, laugarren egunean. Eguraldiak eta jai egunak lagunduta, jendetza bildu da Tuteran. Euskararen aldeko proiektu berriak sortzen ari dira inguru horretan; Union Tutera kirol taldea eta zonifikazioaren kontrako Hordago egitasmoa dira horietako bi.

Union Tuterako kideak lekukoarekin, gaur, Tuterako (Nafarroa) kaleetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2022ko apirilaren 3a
14:24
Entzun

Laugarren eguna du gaur 22. Korrikak, eta korrikalariak Nafarroa hegoaldean dabiltza gaur. Azken egunetako elurraren irudiak alde batera utzita, lekukoak eguzkia du lagun gaur. Horrek eta igandeak lagunduta, dozenaka euskaltzale bildu dira Tuteran.

Gaur, zehazki, Lerinetik Ledearainoko bidea egingo du lasterketak, eta tartean igaro dituzte Lodosa, Andosilla, Corella, Cintruenigo, edota lehen aipatutako Tutera. Arratsaldean Martzillan, Caparroson edota Zarrakaztelun entzun da euskararen aldeko aldarria.

Euskal Herriko lur idorrenetan ibili da Korrika, beraz, eta euskararen aldeko lasterketak babes handia jaso du han ere. Kilometro bereziak ere asko izan dira. Esaterako, Alesbesera bidean Aitziber Sarasola AEK-ko kidea izandakoari omenaldi hunkigarria egin diote, eta Nafarroan euskararen alde egindako lana eskertu diote. 2014an zendu zen Sarasola. Kilometro gutxi batzuk aurrerago, berriz, Sustrai Colina bertsolaria eta aurtengo Korrikaren abestiaren hitzak egin dituena kantuan aritu zaie korrikalariei. Agerraldia egitasmoko kideek ere hartu dute lekukoa, Melidatik Zarrakaztelurako bidean.

Hegoaldeko uzta, handitzen

Hain justu, Agerraldiak hauspotuta eta hainbat lagunen ekarpenari esker sortu zuten Tuterako zenbait gaztek Union Tutera kirol taldea. Kirolaren bidez zenbait balio sustatu nahi dituzte, eta erdigunean kokatu dute euskara. «Helburua da euskararen erabilera normalizatzea, eta, batez ere, kalera ateratzea», azaldu dio BERRIAri klubeko kideak. Taldekide askok euskaraz oraindik orain ez dakitela aitortu duten arren, euskararekin duten harremana aldatzen ari dela uste du. «Nabaritzen ari gara hurbiltzen ari direla».

Horretan are gehiago sakontzeko, euskara ikasten ere lagundu nahi die taldeak, eta, helburu horrekin, kontaktuan daude AEK-rekin. Hurrengo denboraldian euskaltegian izen eman dezaten bultzatu nahi dute.

Egitasmo berria da, halaber, Hordago. Nafarroa zatitzen duen Euskararen Legea «gainditzeko» aldarria zabaldu nahi dute haren bidez.Herritarren atxikimendua lortzen ari direla uste du Beñat Jusue kideak. «Jende asko aspertuta eta nazkatuta dago. Euskara hemengo hizkuntzatzat du, ezagutu ez arren, eta uste du badela garaia hizkuntza horri behar duena emateko eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko».

Euskararen Legea aldatzeko, herri ekimena beharrezkotzat dauka, baita mobilizazioa ere. «Aurki aurkeztuko dugu hurrengo mobilizazioa. Uda pasatu ondoren egingo dugu, eta espero dugu kolpe bat ematea mahaian zonifikazioaren aurka eta euskararen alde», aurreratu du.

Ikusi gehiago:Atzoko eguneko kronika: Erdoña-Lerin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.