EAEko Hezkuntza Legea

LABek Hezkuntza langileen eskaerak jorratzeko bide orria galdegin du

Sindikatuak esan du hezkuntza itunak «aurrerapausoak» dituela hasierako zirriborroaren aldean, baina «gabeziak» ere ikusi dizkio.

Igor Arroyo eta Irati Tobar LABeko ordezkariak gaurko agerraldian. LAB
2022ko apirilaren 1a
14:50
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak adostutako dokumentuaren azterketa egin du LAB sindikatuak, eta, besteak beste, ondorioztatu du testuak «ezer gutxi» jasotzen duela hezkuntza langileen lan baldintzei dagokienez. Igor Arroyo eta Irati Tobar LABeko ordezkariek ohartarazi dute «kezkagarria» dela zehaztapen falta hori, eta premiazkoa dela gai hori jorratzeko bide orri bat ezartzea. Uste dute bide orri horretan egutegi bat zehaztu beharko litzatekeela, besteak beste, ratioak jaisteko, azpikontratazioari muga jartzeko, publifikatzeko hautua egiten duten ikastetxeen kasuan subrogazioa bermatzeko, eta eremu publikoan egonkortasuna eta kontsolidazioa bermatzeko. Langileen lan baldintzei dagozkion gaiak langileekin adostu daitezen, Hezkuntza Legean eragiten eta mobilizatzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du, halaber.

Horrez gain, LABek ondorioztatu du hasierako zirriborroarekin alderatuta hainbat «aurrerapauso» eman direla hizkuntza itunean, baina, hala ere, gabeziak ere sumatu dizkio, eta gai batzuetan sakontasun handiagoa eskatu du. LABek uste du testuan ez dela eskumenen eta lurraldetasunaren gaia jorratzen: «LABen ustez, Euskal Herriko hezkuntza sistema propio eta burujabea eraikitzeko bidean, batetik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eskumen osoak eskuratu behar ditu; eta, bestetik, lege berriak hezkuntza esparruan EAEk Euskal Herriko gainerako lurraldeekin izan beharreko harremana aintzat hartu beharko luke».

Sindikatuaren iritziz, Euskal Hezkuntza zerbitzua sortzea eta ikastetxeei eskumen gehiago ematea «urrats bat» izango litzateke euskal eskola publiko komunitarioaren norabidean. Horrez gain, «balio handia» eman dio derrigorrezko eskolaldiaren amaieran B2 euskarazko maila eskuratzeko helburua lortzeari eta horretarako eskola guztietan euskara ardatz gisa finkatzeari. Bidenabar, Eskola Publikorako Plan Estrategikoa «premiazkoa» dela uste du LABek, eta Hezkuntza Lege berriaren aurretik egin beharko litzatekeela. Itunpeko sareari dagokionez, positibotzat jo du kuoten desagerpena, eta LABek eskatu zituen auditoria eta ikuskaritza kontrol mekanismoak ezartzea, baina «irmotasuna» eskatu du neurri hori betearazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.