13/13 auzia

13/13 auziko epaiaren «injustizia» salatu eta apirilaren 9an manifestatzera deitu dute

Bilbon eta Donostian egingo dute manifestazio bana.

Gaurko agerraldia, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko apirilaren 1a
13:02
Entzun

Zenbait lagun ezagunek agerraldia egin dute, 13/13 auzian epaitu dituztenen aldeko plataformen izenean epaiaren balorazioa egiteko, eta salatu dute lau akusaturi hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri dien sententzia «injustizia bat» dela, prozesu osoa «irregulartasunez eta eskubide urraketez gainezka» egon delako. Mobilizatzeko deia egin dute: apirilaren 9an bi manifestazio egingo dituzte, 17:30ean, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik eta Donostiako Saguesetik abiatuta.

Xabier Amuriza idazle eta bertsolariak, Ana Perez sindikalistak, Gotzon Barandiaran idazleak eta Luix Barinagarrementeria abokatuak esan dute ezarritako zigorrek bi helburu dituztela: epaitutakoen eta haien senide eta lagunen «sufrimendua areagotzea», eta «Euskal Herriarentzako konponbide demokratikoa oztopatzea». Azaldu dutenez, epaituentzat auzibidea «krudelkeria kate luze bat» izan da, baina politikoki ere «Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko egiten ari den bidearen kontrako norabidean» doa, horretarako Dena ETA da leloari eutsiz.

Torturak, abokatuen bulegoen miaketak, CNIren esku hartzea eta prozesuan agertu diren gainerako irregulartasunak salatu dituzte, eta ondorioztatu dute «berme juridiko oso gutxirekin egindako epaiketa» izan dela. «Sententzia hau demokraziaren, bakearen eta gure herriaren etorkizunaren kontrako zigorra da», esan dute; «sententzia hau iraganeko estrategia, jarrera eta jokabideetan oinarritzen den zigor kolektiboa da, hain zuzen ere, euskal gizarteak nahi duenaren aurkakoa».

«Urraketa larria»

Erabakitzeko eskubidearen aldeko legelariak biltzen dituen Erabakizaleak taldeak epaiaren azterketa egin du, eta ondorioztatu du Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean aitortutako eskubideen «urraketa larria» dakarrela. Taldeko abokatuek diotenez, epaiak bere egin du fiskalaren tesia, ETA ez dela desagertu adierazten duena, eta hori «errealitatetik at» dago abokatuen ustez.

Non bis in idem printzipioa ere urratu da, legelari taldearen iritziz. Egitate beragatik subjektu bera bi aldiz zigortzea debekatzen du printzipio honek, eta zuzenbidearen oinarrizko araua da. Erabakizaleak taldearen aburuz, epaian, «behartutako eta oinarri juridikorik gabeko trikimailu bat» erabili da akusatuen kontra printzipio hori urratu ahal izateko.

Defentsa eskubidea ere urratu egin da legelari taldearen iritziz, akusazioen oinarrian CNI Espainiako zerbitzu sekretuek kontrol judizialik gabe egindako txostenak daudelako eta bestelako «anomalia prozesal batzuk» gertatu direlako. Halaber, auzibidean «bidegabeko atzerapen oso kualifikatua» gertatu da, «2010ean egindako operazio bat 2021ean epaitu izana ezin delako ulertu, ezta onartu ere».

Tortura salaketak ere aintzat hartu ditu Erabakizaleak taldeak. Horiek «giza eskubideen urraketa larria» izateaz gain, horien eraginpean lortutako lekukotasunak baliorik gabe utzi behar direla uste dute: «Bortxa eta torturen bidez lortutako deklarazioetan oinarrituta, ezin daiteke zigor epairik eraiki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.