STREAMING PLATAFORMAK

Netflixek euskarara bikoiztuko duen lehen filma 'The Sea Beast' izango da

Plataformak uztailaren 8an estreinatuko du animaziozko film hori hainbat hizkuntzatan, tartean euskara, galegoa eta katalana.

The Sea Beast' filma. NETFLIX
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 1a
11:24
Entzun

Mapak amaitzen diren tokian eta benetako abentura hasten denean abiatzen da The Sea Beast animazio filma. Itsasoetan barna, makina bat abentura harrigarri biziko dituzte Jacob Hollandek eta Maisie Brumble polizioak. Netflixek euskarara bere kabuz bikoiztuko duen aurreneko filma da The Sea Beast, eta uztailaren 8an estreinatuko dute mundu osoan. Katalanera, galegora eta beste hizkuntza batzuetara ere bikoiztuko dute. BERRIAk jakin duenez, Bilboko Mixer enpresan ari dira film hori euskarara bikoizten. Chris Williams da pelikularen zuzendaria —Vaiana, Big Hero 6 eta Bolt laudatuak zuzendu ditu, besteak beste—. Netflixek filmaren trailerra zabaldu du egunotan. Euskarazko bertsioarena ere bai:

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako Netflixen harpidedunek ikusi ahalko dute The Sea Beast filma euskaraz. Duela egun batzuk, euskarara bikoiztutako beste film bat jarri zuen Netflixek: D'Ortagnan eta hiru mosketxakurrak. Baina lan hori soilik Hego Euskal Herrian ikus daiteke; izan ere, filmaren banatzailea beste bat da Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Frantzian.

Martxoaren 15ean, Netflixek iragarri zuen urtean berrehun ordu azpidatziko dituela euskaraz, eta hogei ordu bikoiztuko dituela. Bikoiztutako edukiak haurrentzat izango dira. Eta The Sea Beast izango da euskarara bikoiztutakoen artean estreinatuko duten aurrenekoa. Lan horiek guztiak Netflixek berak ekoitzitakoak izango dira.

Plataformaren iragarpenaren ostean, Pantailak Euskaraz taldeak zera adierazi zuen: «Aurrerapauso bat da, baina ez nahikoa». Netflix Euskaraz taldeko Eñaut Zearrak ere zera ohartarazi zuen: «Poztekoa izan da albistea, euskararentzat erabat itxia zirudien esparru batean zirrikitu bat ireki delako. Baina, egoera objektiboki aztertuta, argi dugu Netflixek iragarritakoa anekdotikoa dela oraingoz, ez dela inondik ere nahikoa plataformetan euskararen presentziarik ezari buelta emateko». Netflix Euskaraz taldeak Euskalgintzaren Kontseiluak azkeneko hilabeteetan egin duen lana goraipatu du egunotan sare sozialetan. Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak modu honetan erantzun du: «Egiari zor, Pantailak Euskaraz-ek jarri gaitu guztiok dantzan».

Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokorra tramitatzeko bidean da, eta ikusteko dago ea streaming plataformei hizkuntza kuotarik edo legezko betekizunik jarriko zaien.

Katalanez euskaraz baino askoz eduki gehiago daude gaur egun streaming plataformetan. Netflixek berak iragarri du apirilaren 23an katalanezko hiru film hauek jarriko dituela bere katalogoan: Pau, la força de un silenci, Cançó per a tu eta Vida privada.

'Fantasía', Filminen; 'Nora', HBO Maxen

Gaur egun, merkatuan dauden plataformen artean Filmin da Euskal Herriko ekoizpen gehien duena bere katalogoan. Gaur bertan Aitor Merinok zuzendutako Fantasía dokumentala jarri du —bere gurasoen egunerokoa kontatzen du lanean Merinok; nagusiki gaztelaniaz da filma, baina zuzendariaren off-eko ahotsa euskaraz da—. HBO Max plataformak, berriz, duela gutxi jarri du bere aurreneko filma euskaraz: Lara Izagirreren Nora. Bitxia da pelikula hori gaztelaniara bikoiztuta dagoela, baina plataformak bertsio originala jarri duela, euskarazkoa —gaztelaniazko azpidatziak jartzeko aukera ematen du—. Audioaren deskribapenean, berriz, castellano-original jartzen du. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan oraingoz ezin da HBO Max ikusi.

Disney Plus eta Apple TV Plus plataformetan ez dago euskarazko lan bakar bat ere ikusgai. Amazon Prime Videon animaziozko bi film daude euskarara bikoiztuta. Edonola ere, urtarrilean Amazon Prime Videok iragarri zuen Espainiako film eta telesail original berriak euskarara, katalanera eta galegora azpidatzi edo/eta bikoiztuko dituela. Hala baieztatu zion Espainiako Amazon Prime Videoko zuzendari Koro Castellanok BERRIAri. Bikoizten ari direnetako bat Un asunto privado telesaila da —aktore protagonistak Aura Garrido eta Jean Reno dira—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.