Kote Cabezudoren auzia

Zigor eskaria bikoiztu du fiskalak Cabezudorentzat: 250 urte eskatu dizkio

Gaur deklaratu dute salaketa jarri duten emakumeak artatu zituzten psikologo eta psikiatrek. Andre horien gehiengoak arazo psikologikoak izan zituen salatu zituzten erasoen ondoren.

Cabezudoren aurkako epaiketa, artxiboko argazki batean. MAIALEN ANDRES/FOKU
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 31
14:15
Entzun

Fiskalak, orain arte, 121 urte eskatu ditu Kote Cabezudorentzat, hainbat modelok sexu abusuengatik ezarritako salaketak direla medio. Intimitatearen aurkako delituak, iruzurrak eta sexu erasoak egozten dizkiote, besteak beste. Orain, ordea, ia bikoiztu egin du eskaria; ez du zehazki esan zenbat urte eskatuko dituen, baina adierazi du «250 urte ingurukoa» izango dela eskaera, «gutxi gorabehera».

Izan ere, Kote Cabezudo salatu duten andreen gehiengoak erasoekin lotura izan dezaketen arazo psikologikoak garatu zituen gerora: hala erakutsi dute gaurko epaiketan psikologo forentseek eta psikiatrek aurkeztu dituzten informeek. Horien azalpenak entzun eta proba dokumentalak ikusi ondoren, Jorge Bermudez fiskalak iritzi dio orain arte akusatuari egotzitako delituak larriago egiten dituzten faktoreak daudela.

Izan ere, Cabezudok grabatu zituen bideoak proba modura aurkeztu dira epaiketan, eta horiei esker erasoak egin ziren data zehatza jakin ahal izan dute. Horrek, erasoak gertatu ziren momentuan biktimaren adina zein zen zehaztu du; hain zuzen, biktimetako batzuk adin txikikoak zirela probatu ahal izan du akusazioak. Bestalde, probatu ahal izan dute erasoetako batzuk ez zirela behin bakarrik egin, baizik eta behin eta berriro eraso ziela akusatuak. Datu horiek kontuan hartuta, zortzi bortxaketa egotzi dizkio fiskalak Cabezudori.

Sexu eraso bakoitzagatik 15 urte eskatuko dituela ere azaldu du fiskalak. Eraso fisikorik ez, baina hala ere «intimidazioa» egon den kasuetan, berriz, Bermudezek adierazi du kasu horietan aplika daitekeen zigor eskaera altuena eskatuko duela: 10 urte.

Adingabeekin pornografia egitea ere egozten zaio Cabezudori —lau urte eskatzen zizkioten delitu horregatik—, modeloei grabatutako bideoak gero sareetan zabaltzen baitzituen. Orain, ordea, delitu hori are larriagoa dela iritzi dio Bermudezek, bideo horiek «bereziki umiliagarriak eta iraingarriak» direla. Izan ere, ikusi ahal izan dute biktimei izen-abizenak jartzen zitzaizkiela pornografia plataforma horietan, eta, horren bidez, beren inguruko jendeak identifikatu ahal izan dituela. Fiskalaren hitzetan, horrek «sufrimendu berezia» ekarri die, eta zortzi urtera igo du delitu horregatik bete beharreko zigorra.

Psikologoen lekukotasunak

Gaurkoa izan da deklarazioak biltzeko azken eguna, eta salaketa jarri zuten emakumeei azterketa psikologikoa egin zioten psikologo forentseek eta psikiatra batek erantzun diete fiskalaren eta defentsako abokatuaren galderei.

Salaketa jarri zuten emakume gehienek arazo psikologikoak izan zituzten Cabezudorekin lanean hasi baino lehen edo argazki sesioak egin bitartean. Askok familiarteko edo bikote harremanekin lotura zuten gatazkak izan zituzten, eta gehienek elikadura nahasmenduak eta drogekin lotutako arazoak zituzten. Defentsako abokatua horretaz baliatu da erasoen eta ondorioen larritasuna auzitan jartzen saiatzeko: «Biktimei ondoeza eragin zieten salatutako gertaerek, edo lehendik ere bazituen arazo mentalak?».

Batzuek azterketa psikologikoa egin zieten unean bertan oraindik bazeuzkaten eritasuna erakusten zuten zantzu horiek, baina beste batzuk jada apalduak zituzten sintomak ordurako. Izan ere, kasu askotan hainbat urte igaroak ziren azterketa egiterako.

Esaterako, 150 aldiz bortxatu zuela salatu duen emakumeari —150 eraso horietako bakoitzarengatik hamalau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatu du akusazioak— gertaerak jazo eta bederatzi urtera egin zioten azterketa psikologikoa. Txostenean azaltzen zenez, azterketa egin ziotenerako erasoek sortutako sintoma psikologikoak nabarmen baretuta zeuden. Defentsak, hala ere, galdetu dio: «Ez duzu uste emakume horrek salatzen duen bezala horrenbeste aldiz bortxatuko balute, sintoma larriagoak izango lituzkeela?». Defentsaren galderari erantzun dio psikologoak, eta, azaldu duenez, gertakariak jazo zirenetik «urte asko pasatu zirenean» egin zitzaion azterketa biktimari, horregatik ez zeukan «sintoma larririk».

Defentsa abokatua biktimaren sintomatologia droga kontsumoarekin lotzen saiatu da gero: «Esan duzu emakume honek arazoak izan dituela droga kontsumoarekin. Beraz, eduki zituen nahasmendu psikologikoak horrekin loturik daude, ezta?». Psikologoaren hitzetan, biktimak ez zeukan drogekin lotutako nahasmendu psikiatrikorik. Gertakariekin lotuta, ordea, «amorru, erruduntasun eta lotsa sentimenduak» zituen.

Biktima gehienetan agertzen dira sentimendu horiek. Horietako batek, adibidez, adierazi du argazki saioetan «ia konturatu gabe» biluzik bukatzen zuela —azken urteotan hainbat biktimak salatu dute Cabezudok oso era sotilean eta pixkanaka biluzarazten zituela—. Saio horiek egin ondoren, ohartu zen argazkiak Interneten jarri zituela Cabezudok, eta psikologoak adierazi du horrek asko eragin ziola emakumeari: «Bere inguruko guztiek argazki horiek ikusiko zituztela uste zuen, eta, horren ondorioz, ia ez zen etxetik irteten» .

Beste andre bat artatu zuen psikologoak ere adierazi du erasoek eta gerora argazkiak sarean zabaltzeak «larritasun handia» eragin ziola emakumeari: «16 urte zituela hasi zen Cabezudorekin lanean. Umiliatuta eta erabilia sentitzen zen. Biluztera behartzen zuen argazkiak egiteko, eta atzamarrak aluan ere sartu zizkion behin. Akusatua ere biluzik jartzen zen batzuetan, eta harreman sexualak izatea proposatzen zion» . Gerora, argazkiak sarean zabaldu zirenean, emakumea Cabezudorekin kontaktuan jartzen saiatu zen argazkiak ken zitzan; dirua ere eman zion, baina akusatuak ez zituen irudiak ezabatu. Psikologoek esan dute andre horrek «depresio sintoma larriak» zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.