Energien garestitzea

Euskal Herrian non eta nola aplikatuko diren erregaien deskontuak

Bihartik aurrera, Euskal Herriko gasolindegi guztietan aplikatuko dira Espainiako eta Frantziako estatuek erregaiei ezarritako deskontuak. Azken egunetan, prezioek gorantz segitu dute Euskal Herri osoan, baina atzo 0,02 zentimo merkatu zen gasolina, eta 0,007 diesela. Gaur ere, gasolindegi gehienetan, beheranzko joera da nagusi.

Bezeroak Gasteizko gasolindegi batean. ENDIKA PORTILLO (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 31
12:54
Entzun

Bihartik aurrera, Euskal Herriko gasolindegi guztietan aplikatuko dira Espainiako eta Frantziako estatuek erregaiei ezarritako deskontuak. Azken egunetan, prezioen goranzko joerari eutsi zaio Euskal Herri osoan, baina atzo 0,02 zentimo merkatu zen gasolina, eta 0,007 diesela. Gaur ere, gasolindegi gehienetan, beheranzko joera da nagusi —gasolindegi bakoitzeko prezio zehatza eta eguneratua ikusteko, klikatu hemen—.

Noiz arte aplikatuko dira deskontuak?

Hego Euskal Herrian, litroko 20 zentimo deskontatuko dira, bihartik aurrera eta ekainaren 30era arte, gasolindegi guztietan eta bezero guztientzat, partikularrentzat zein profesionalentzat, eta ibilgailu eta lanerako makineria guztientzat, hegazkinak salbu. Gauza bera Ipar Euskal Herrian, baina han 18 zentimokoa izango da beherapena, bihartik aurrera, eta Hegoaldean baino hilabete bat gehiagoz, uztailaren 30era arte.

Zer erregaitan?

Euskal Herri osoan, erregai ia gehienetan: gasolina eta gasolio guztietan, itsas erabilerarako gasolioan, trenetan, ibilgailuak propultsatzeko petrolio gas likidotuetan, ibilgailuetarako gas natural likidotuan, gas natural likidotuan, bioetanolean, biodieselean, bioetanolarekin egindako gasolina nahasketetan eta biodieselarekin egindako gasolio nahasketan, eta adblue gehigarrian.

Non ikusiko da deskontua?

Bezeroek zuzenean saltokian lortuko dute deskontua: ez dute ezer egin beharko. Hegoaldean, fakturan edo tiketean islatuko da: eragiketaren zenbatekoa jakinarazi beharko zaie, xehe: deskontuaren aurreko prezioa eta bukaerakoa, aplikatutako hobariarekin. Beherapena ostiral honetatik aurrera gauzatuko da, baina gasolindegiek hamabost egun izango dituzte deskontua fakturetan islatzeko, programa informatikoak egokitzeko. Iparraldean, berriz, zerbitzugune batera iristean, kontsumitzaileak erregaiaren prezio beheratuta ikusiko du sarreretako totemetan eta hornigailuetan, eta hori da zuzenean fakturetan azalduko zaiena.

Nork ordaintzen du?

Hegoaldean, beherapeneko 20 zentimoak Espainiako Estatuaren (15 zentimo) eta petrolio enpresen (gutxienez 5 zentimo) artean banatuko dira —enpresek deskontuak handitzeko aukera dute, fidelizazio txartelen bidez eta beste sistema batzuekin—. Hala ere, soilik hiru enpresak —Repsol, Cepsa eta BP— osatu beharko dute litroko bost zentimorekin estatuak erregaien kostua jaisteko ematen duen laguntza. Besteek ez dute 5 zentimoko deskontua egin beharko, eta, kasu horretan, gobernuak bere gain hartuko du deskontu osoa. Horrela, kontsumitzaileek gutxienez 20 zentimoko hobaria bermatua izango dute gasolindegi guztietan. Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatuak 18 zentimoko deskontua oso-osorik hartuko du bere gain, baina enpresek aukera izango dute beren deskontu propioak gehitzeko.

Nola itzuliko zaie dirua gasolindegiei?

Hegoaldean, gasolindegiek hilero aurkeztu beharko dute hobariak itzultzeko eskaera, bakoitzak dagokion foru ogasunean, eta haiek tramitatuko dituzte Espainiako Gobernuarekin. Hori arazo bat izan daiteke gasolindegi askorentzat, txiki eta ertainentzat bereziki, diru asko aurreratu behar dutelako. Arazo hori saihesteko, aurrerakinak eskatu ahal izango dituzte foru ogasunetan; 2021ean saldutakoaren hileko batez besteko bolumenaren %90 jasoko dute, eta, ondoren, erregistratu duten benetako bolumenarekin doituko da. Aurreratutako ordainketa horrek baditu mugak batzuk: ezin izango da bi milioi eurotik gorakoa izan, ezta 1.000 eurotik beherakoa ere. Iparraldean, gasolindegiei ez baizik haiei erregaia banatzen dieten handizkako hornitzaileei itzuliko die dirua estatuak, banatzaileek jada deskontuarekin salduko baitiete erregaia gasolindegiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.