Euskal Herritik kanpo ere badu presentzia Korrikak, eta hainbat egitasmo antolatzen dira hainbat tokitan. Tartean dago Madrilgo Korrika Txulapoa. Apirilaren 2an dira egitekoak, larunbatean, eta hiriko barruti batzuk zeharkatzen ditu ibilbideak. Ordea, trabak jarri dizkiote. Chamberi barrutiak debekatu egin du Korrika Txulapoa bertatik igarotzea, argudiatuta barrutian kaleen erabilera eskatzen duten ekitaldi ugari daudela antolatuta, eta bizilagunei eragozpenak eta trabak eragiten dizkiela. Madrilgo Euskal Etxea, Hizkuntza Eskola Ofizialeko Euskara Departamentua eta Unibertsitate Konplutentseko Euskal Ikasketen Saila dira Korrika Txulapoaren antolatzaileak. Gainerakoek baimena eman dute.
Lehen aldia da Korrika Txulapoa egitea ukatzen dutela. Karlos Cid Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Euskal Filologiako irakasleak barrutiaren erabakia kritikatu du. Neurriaren berri jakitean, Euskal Ikasketen Saila parte den departamentuak iritziz aldatzeko eskaria egin zion barrutiari, baina irmo eutsi diote erabakiari, eta bazter utzi dute Korrika.
Korrikarako aholkuak
Bihar hasiko da Korrika, Amurrion (Araba). Egun osoko jaiak girotuko du lasterketaren hasiera. Hala, gogoan izateko zenbait ohar eman dituzte. Ekitaldi nagusia 16:00etan abiatuko da; lasterketa, berriz, 16:30ean jarriko da martxan.
Ohartarazi dute lekukoaren, pankartaren eta furgonetaren artean ezingo dela inor sartu: «Eremu hori guztiz errespetatu behar da. Plazan, furgoneta ez denez egongo, antolakuntza talde batek mugatuko du tokia». Furgonetan egongo den antolakuntza taldearen argibideak aintzat hartzeko ere eskatu dute. Lasterketako argazkiak webgunean argitaratuz joango dira, eta zuzeneko emankizuna egingo dute.