Auzitegi Nazionaleko fiskalak helegitea jarri du Espetxe Zaintzako epailearen aurrean, atzera bota dezaten Joseba Arregi Erostarbe euskal presoari emaniko hirugarren gradua. Martxoaren 1ean, espetxeen eskumena duenetik lehen aldiz, Jaurlaritzak jakinarazi zuen motibazio politikoko zortzi euskal presori hirugarren gradua eman ziela, eta horien artean zegoen Arregi Erostarbe.
Orain, ordea, fiskalak erabaki horren kontra egin du, argudiatuta presoak ez duela aurrez beste baimenik izan, eta hark aurkeztutako idatziak orokorregiak direla. Erantzukizun zibila ordaindu izana ere ez da nahikoa, fiskalak azaldu duenez.
Arregik Martuteneko Tratamendu Batzordearen oniritzia jaso zuen hirugarren gradura pasatzeko, baina, eskumena Jaurlaritzaren esku geratzekoa zenez, Espainiako Espetxe Erakundeek ez zuten onartu. Hil honetan onartu diote azkenean. 1992an atxilotu zuten; egunotan beteko ditu 30 urte kartzelan, eta 75 urte ditu. Askotariko patologiak ditu. 2020an bigarren graduan sailkatu eta Martuteneko kartzelara iritsi zen, Asturiastik. Zigorraren hiru laurdenak beteta zeuzkan 2020an.