Hizkuntz eskubideak jomugan

Manifestaziora deitu du Kontseiluak, Nafarroako merezimendu dekretuaren aurka

Txibiteren gobernuak «lege diskriminatzaileen aplikazio are diskriminatzaileagoa» egiten duela salatu du Bilbaok, eta «euskaldunen gutxiespena» gelditzeko exijitu.

Kontseiluko idazkari Paul Bilbao, euskalgintako beste zenbait kiderekin batera, Iruñeko Laba aretoan eginiko agerraldian. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2022ko martxoaren 29a
12:43
Entzun

Kalera aterako dira, beste behin ere. Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa antolatu du Nafarroako Gobernua prestatzen ari den merezimenduen dekretuaren aurka, eta «herritarrak gutxietsi ez ditzatela» eskatzeko. «Uste genuen, bai, euskal hiztunak gutxiesten zireneko garaiak amaitu zirela, gure gutxiespena helburu zuen amesgaizto hori amaitutzat jo genezakeela. Tamalez, ez da horrela», azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, Iruñeko Laba aretoan egin duen agerraldian. Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da protesta, maiatzaren 7an, 17:30ean, Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat lelopean.

Oraingo dekretua bainoago, «jatorrizko gaitza» 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa dela gogorarazi du Bilbaok –«badakigu non eragin behar den bidegabekeriak errotik bukatzeko»–. Hala ere, arau horretatik eratorritako arazoak arindu beharrean, Maria Txibiteren gobernuak «lege diskriminatzaileen irakurketa are diskriminatzaileagoa» egiten duela salatu du Kontseiluko buruak: «Horrek guztiak eragin nagusi bat du: herritarron, euskal hiztunon gutxiespena».

Zehazki, Bilbaok txarretsi egin du merezimenduen dekretuaren bidez Nafarroako administrazioko hainbat lanposturako sarbidean ez dela aintzat hartuko euskara, eta bai, aldiz, «berezkoak ez diren beste hizkuntza batzuk». «Edozein logika eta edozein muga gainditzen duen erabakia da ingelesari, alemanari edota frantsesari euskarari baino garrantzia handiagoa ematea». Kontseiluaren irudiko, gisa horretako diskriminaziorik ez da gertatu, ezta UPN agintean zenean ere: «Inoiz ez da halakorik gertatu, ezta euskararen edo euskaldunen kontrako politika bortitzak garatzen zituztenean ere. Nola uler daiteke bertako eta berezko hizkuntzaren ezagutzaren balorazioari muzin egitea, eta atzerriko hizkuntzak normaltasun osoz kontuan hartzea? Zein asmo dago horren atzean?», galdetu du.

Bilbaok azaldu duenez, aurreko legealdian, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak osatutako lauko gobernuak «urrats batzuk» egin nahi izan zituen euskara administrazioan bermatzeko bidean, «baina auzitegiek kamustu zuten asmo hori». Orain, berriz, «auzitegiek onartutakoa ere ezabatu nahi izatea» egotzi diote Txibiteren gobernuari. «Horrek erakusten du dekretu berriaren helburua ez dela auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea; aitzitik, gobernuak intentzionalitate osoa du euskal hiztunon eskubideak zokoratzeko».

Kontseiluak gogorarazi du, halaber, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argitaratutako azken diagnostikoaren arabera, Nafarroako Gobernuko lanpostuen %3tan baizik ez dela euskara eskakizun, eta zenbait departamentutan kopuru hori ez dela %2ra ere iristen. «Are gehiago, lau departamentutan euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa lanpostu bakar batean ere».

«Merituak ez, eskubideak»

Euskalgintzako eragileak biltzen dituen Kontseiluaren arabera, «parametroak aldatzeko» garaia da: «Ez dezagun hitz egin puntuazioez edo merituez: hitz egin dezagun herritarrek beren hizkuntzan administrazioarekin jarduteko duten eskubideaz. Ez da gauza abstraktu bat, administrazioan euskaraz jarduteko eta erantzuna euskaraz jasotzeko eskubideaz ari gara». Bilbaoren irudiko, bide bakarra dago eskubide hori bermatu eta arreta euskaraz eskaini ahal izateko: «Langile elebidunak hartzea».

Maiatzaren 7ko manifestazioan, «erdigunean» jarriko dituzte euskal hiztunen eskubideak: «Batzuk tematzen badira horrelako dekretuak eta neurriak onartzen, geuk kalea baliatuko dugu desadostasuna agertzeko, geure burua gutxietsia ikusten dugula salatzeko, eskubideen aurka jotzen ari direla ozen oihukatzeko. Eta bestetik, gure eskubideen alde aterako gara kalera, horiek kontuan hartuko dituen politika bat indarrean jar dadin eskatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.