Susmatua zen Oscar sariketetako 94. aldiak sorpresak ekar zitzakeela. Nekez egin zitekeen aurreikuspen argirik; izan ere, azken hamar urteetako hautagaitza gehien ziren sari nagusia eskuratzeko lehian; hamar lan izan dira norgehiagokan. Atzerako kontua bukatuta, azkenerako jakinarazi dute zer lanek irabazi duen film hoberenaren Oscar saria: CODA-ri eman diote garaikurra. Guraso gorrak dituzten nerabe batzuen inguruko istorioa jorratzen du filmak.
CODA-k, Sian Hederren filmak, hiru izendapen zituen sariketetarako, eta hiruretan erdietsi du gailentzea: film hoberenarenak ez ezik, harenak dira antzeztaldeko aktore hoberenarena (Troy Kotsur) eta egokitutako gidoirik hoberenarena ere – Greig Fraser da gidoigilea–.
Itzaletan gelditu da The Power of the Dog lana. Izan ere, hamabi kategoriatan zen sariak eskuratzeko hautagaien artean, eta bakarra eskuratu du azkenik. Lanaren zuzendari Jane Campion saritu dute zuzendari hoberenaren kategorian. Garaikur hori irabazi duen hirugarren emakumezko zinemagilea da.
Antzezleei dagokienez, Jessica Chastainek irabazi du emakumezko aktore hoberenaren Oscarra, The Eyes of Tammy Faye filmean eginiko lanagatik. Berriz, Will Smith saritu dute gizonezko aktore hoberena gisan. King Richard filmeko lanagatik.
Edonola ere, sari kopuruari so, Denis Villeneuveren Dune filma izan da garaile aurtengo Oscarretan. Sei garaikur eskuratu ditu, arlo teknikokoak gehienak –filma Oscarretako hamar kategoriatan zegoen hautagaien artean–. Zehazki, saritu egin dituzte filmaren soinu banda, argazkilaritza eta muntatzea, besteak beste.
Smithen zaplaztekoa
Zinemak behar luke gaur arreta guztia bereganatu, Oscar sarietan garaile izan direnei zuzenduak behar lukete begiek. Ordea, bada filmek baino nabarmen oihartzun handiagoa izan duen gertaera bat: Will Smithi loturik gertatutakoa. Sari banaketako ekitaldi betean, aktoreak ukabilkada bat eman dio orduantxe aurkezle zereginetan zen Chris Rock umoregileari, agertoki gainean. Jada Pinketten orrazkeraren gaineko txiste bat egin du Rockek, ilea arrasean moztu duelako hark. Andrearen senar Will Smith suminduta joan da aurkezlearengana, eta gogor jo du. Ekintzak antzeztua zirudien askoren begietara, baina urrun izan da fikzio izatetik.
Ukabilkadak tentsioz bete du giroa aretoan. Gainera, handik minutu batzuetara, Will Smithek agertoki gainera igo behar izan du atzera ere, hari eman baitiote aktorerik hoberenaren saria. Eskerrak emateko hizketaldian ez du egin kolpearen gaineko erreferentzia zuzenik. Hitz erdizka, aktoreak argudiatu du «hurbilekoak babestea» dagokiola.
«Nire eginbeharra da hurbilekoak babestea. Badakit egiten duguna egiteko kapaz izan behar duzula hainbat gauza jasateko: jendeak zure kontura hitz egiten du, askotan izaten dira errespetu faltak, eta, hala eta guztiz ere, irribarre egitea eta deus gertatu ez balitz bezala aurrera segitzea besterik ez duzu», esan du Smithek, begiak malkotan. Zehazki zertaz ari zen adierazi gabe, azalpen batzuk erantsi ditu aktoreak: «Maitasunak gauza izugarriak egitera bultzatzen zaitu». Hainbatek interpretatu dute Rocki emandako kolpeaz aritu dela Smith, alegia, «maitasunak bultzatuta» jo duela aurkezlea, haren esanetan. «Espero dut akademiak berriz ere gonbidatzea», esan du, irribarrez, erretiratu aurretik.