Garraiolariek greban jarraituko dute Euskal Herrian ere. Hiru sindikatuak ezohiko batzarra egin du gaur Altsasun (Nafarroa), eta han hartu dute erabakia, garraiolarien «gehiengo zabalaren babesarekin», sindikatuaren arabera: «Gutxieneko batzuk lortu arte jarraituko dugu borrokan, garraiolari bakar batek ere ez dezan lanik egin baldintza prekarioetan, ez eta kostuen azpitik ere», adierazi dute.
Espainiako Gobernuak, osteguneko ordu txikietan, garraiolarien patronalekin akordio bat egin zuen; besteak beste, garraiolariei hogei zentimoko deskontu bat ematea gasolio litroko. Akordioa besapean zuela, azkenean onartu egin zuen Raquel Sanchez Garraio ministroak grebaren deitzaileekin biltzea, baina bilera horrek ez zuen espero bezalako fruiturik eman, eta Plataforma Nacional por la Defensa del Transporte por Carreterak protestan jarraitzea erabaki zuen.
Hori jakinda, Hiruko zuzendaritzak aurreratu zuen Madrilek egindako azken proposamena ez zela nahikoa, «patronal handiekin» egindako akordioa delako, eta horien interesak lehenesten dituelako. CNTC garraiolarien patronal handia «garraiolari autonomook bizi dugun egoera prekarioaren erantzuleetako bat da». Hiruk uste du «funtsezko aldagai batzuk» ez direla jorratu akordioan, edo azaletik ukitu direla bakarrik, «azpikontratazio etengabea, esaterako».
Kostuen azpitik zerbitzuak egiteko debekua ere ez dela ezarri gogoratu zuen Hiruk. Hori izan da, hain zuzen ere, Manuel Hernandez plataformako ordezkariak emandako argudioa protestarekin jarraitzeko. Behin-behineko neurriak eskatu zituen kostuen azpitik lan ez egiteko, baina ez zuen ministroaren ahotik nahi zituen segurtasunak eskuratu. Hernandezen arabera, Sanchez ministroak esan zion gai horri hilabete batzuk barru helduko diotela, lege proiektu batekin, baina bitartean ezin dutela ezer egin. Abisua emana zuten: asteburuan bermeak jaso ezean, grebari eutsiko ziotela erantzun zion plataformako ordezkariak ministroari. Hirukoek, behintzat, hala egingo dute.
Bidesarien eskaera
Hiruren eskaeren artean badago Hego Euskal Herriari soilik eragiten dion bat: bertako errepideetan kamioientzat bidesariak ez jartzea, eta horri buruz hitz egin nahi dute foru aldundiekin eta Nafarroako Gobernuarekin, haienak baitira errepideak. Bilera horietarako data zein den ez dute artean jakinarazi.
Europako beste herrialdeetan neurriak hartu eta gero, jakina zen garraiolariek deskontua izango zutela beren kamioien eta furgoneten deposituak gasolioz betetzen dituztenean, eta neurri zehatzak eskaini ditu Madrilek: hogei zentimokoa izanen da deskontua. Laguntza ekainaren 30era arte luzatuko da. Dena dela, ez dute baztertu gehiago luzatzea.
Halaber, Madrilek beste laguntza ekonomiko sorta bat jarriko du martxan. 450 milioi euro inbertituko ditu horretan. Garraio enpresei bideratuak izango dira laguntza horiek, eta ibilgailu motaren araberakoak izango dira zenbatekoak.
Plataformako kideak ministroarekin bildu aurretik, gune logistikoaren jarduna moteltzen ari direnek, Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteak, ez dute erakutsi lanera itzultzeko asmo handirik. Trapagaranen (Bizkaia) biltzekoak dira erantzun bat emateko, baina protestarekin jarraitzearen aldeko mezu garbi bat helarazi zuen haien bozeramaileak, Santi Sanchezek:«Grebak jarraitu egingo du, eta Bilboko portuak geldirik jarraituko du». Akordioa «ona, baina motza» iruditu zaio Sanchezi. «Niri diru laguntza batek ez dit ezertarako balio; gaurko ogia eta biharko gosea da».
Grebarekin bat egin duten beste elkarteetako bat da Nafarroako Garraiolarien Elkartea (Tradisna). Alberto Latorre koordinatzaileak adierazi duenez, akordioa «apur bat motz» geratzen da, «baina bada zerbait». Jakinarazi du elkarteak dituen zortziehun bazkideek laster erabakiko dutela grebarekin jarraitu ala ez.